“Etxeak bizitzeko” txostena

Donostian etxebizitza-larrialdiari eta turistifikazioaren ondorioei aurre egiteko proposamenak

Dokumentuak turistifikazioari lotuenak dauden etxebizitza-larrialdiaren aspektuak lantzen ditu eta politika publiko ausartagoak eskatzen ditu etxebizitzaren funtzio soziala lehenesteko. Hiru esparrutan jarri da arreta: hoteletan, etxebizitza turistikoetan eta ohiko bizileku ez diren etxebizitzen erabileran (bigarren etxebizitzak eta denboraldikoak).

Ikusi proposamenen txosten osoa

Bizilagunekin plataformak Donostiako etxebizitza-larrialdiari eta turistifikazioaren ondorioei aurre egiteko proposamen-sorta argitaratu du

“Etxeak bizitzeko” dokumentuak Donostiako etxebizitza-krisia eta turismoaren hedapenak hirian izan dituen ondorioak modu bateratuan aztertzen ditu, eta politika publiko ausartagoak eskatu ditu etxebizitzaren funtzio soziala lehenesteko. Plataformak hiru esparrutan jarri du arreta: hotel-establezimenduetan, etxebizitza turistikoetan eta ohiko bizileku ez diren etxebizitzen erabileran.

Bizilagunekin plataformak “Etxeak bizitzeko” izeneko dokumentua aurkeztu du, Donostian etxebizitzaren larrialdiari eta turistifikazioaren eraginei aurre egiteko proposamenak biltzen dituen txostena. Testuak abiapuntu argia du: etxebizitza ez da aktibo ekonomiko edo inbertsio-tresna gisa ulertu behar, baizik eta eskubide sozial eraginkor gisa. Plataformaren ustez, turismoaren hazkundea, etxebizitzen bizitegi-funtziotik aparteko erabileren hedapena eta higiezinen errentagarritasunaren logika elkarri lotuta daude, eta harreman hori politika publikoen erdigunean jarri behar da.

Dokumentuak azken hamarkadan Donostian gertatutako bilakaera azpimarratzen du. 2015etik 2025era turisten sarrerak gorakada handia izan du, hotel-sarrerak %76tik gora hazi dira eta gama ertain-altuko establezimenduetan igoera %90 ingurukoa izan da. Aldi berean, atzerriko bisitarien sarrerak %120 baino gehiago hazi dira, eta turismo-eredua gero eta elitizatuagoa da. Plataformaren arabera, prozesu hori ez da udako sasoiari mugatu: desestazionalizazio-estrategiek presio turistikoa urte osoan zehar zabaldu dute.

Egoera horrek etxebizitzaren merkatuarekin duen lotura ere jasotzen du dokumentuak. Donostian alokairuaren batez besteko prezioak 18 euro/m² hileko langa gainditu du azken urteetan, eta etxebizitzara iristeko familien ahalegin ekonomikoa diru-sarreren %37,9 inguruan kokatzen da. Horrez gain, 2023ko datuen arabera, hirian 95.149 etxebizitza zeuden, eta horietatik 15.568 ez ziren etxebizitza nagusiak; hau da, parkearen %16,4 inguru. Bizilagunekinen ustez, datu horiek erakusten dute arazoa ez dela eskaintza eta eskariaren desoreka hutsa, baizik eta etxebizitzaren erabilera soziala ahultzen duen egiturazko eredu baten ondorioa.

Txostenak bereziki azpimarratzen du Donostia 2025eko maiatzaren 14an bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatu izana ez dela salbuespen administratiboa, baizik eta luzaroan metatutako krisi baten aitortza berantiarra. Horren aurrean, plataformak eskatzen du instituzioek ez dezatela jardun neurri partzial edo zuzentzaile hutsen bidez. Etxebizitzaren funtzio soziala lehenesteko, lurzoruaren eta etxebizitza-parkearen erabilerak berrantolatu behar direla dio, interes orokorra errentagarritasun ekonomikoaren gainetik jarriz.

Proposamenen lehen multzoa hotel-establezimenduei dagokie. Bizilagunekinek eskatzen du Donostia osoan hotel eta ostatu-erabilera berrietarako lizentziak berehala geldiaraztea, salbuespenik gabe, baita ondarearen babesaren izenean justifikatzen diren kasuetan ere. Era berean, hotelen ezarpena ahalbidetzen duen zonifikazio-sistema bertan behera uztea proposatzen du, eta hirian eskaintzen diren turismo-ostatuen plaza-kopurua modu planifikatuan murrizteko prozesua abiatzea. Beste neurri batzuen artean, bizitegi eraikinetan hotel berriak debekatzea, indarrean dauden lizentziak berrikustea eta eraikin horiek etxebizitza eskuragarrira edo gizarte-premiei lotutako erabileretara bideratzeko bideak zabaltzea planteatzen du.

Bigarren ardatza etxebizitza turistikoena da. Dokumentuaren arabera, etxebizitza-larrialdia egiaztatuta dagoen hiri batean, etxebizitzak egonaldi laburreko ostatu turistiko gisa erabiltzea erabilera sozialki atzerakoia da. Horregatik, plataformak proposatzen du etxebizitza turistikoak ohiko ustiapen-modalitate gisa desagerrarazteko norabidea hartzea: lizentzia berriak behin betiko debekatzea, gaur egun indarrean daudenak aldi baterako eta berritu ezinezko baimen bihurtzea, pertsona fisiko edo juridiko berak etxebizitza turistiko bat baino gehiago ustiatzea debekatzea eta kudeaketa profesionalizatu edo enpresarializatuei debekua jartzea. Halaber, eskaintza ilegala atzemateko eta zigortzeko udal-unitate berezi bat sortzea eskatzen du, kontrol digitala eta ikuskapen presentziala uztartuta.

Hirugarren multzoak ohiko bizileku ez diren etxebizitzak hartzen ditu: etxebizitza hutsak, bigarren etxebizitzak, erabilera esporadikoko etxebizitzak eta aldi baterako alokairuak. Plataformak udal-erregistro nahitaezkoa sortzea proposatzen du, aldi baterako alokairuen kasuan kontratua eta aldi baterakotasunaren arrazoia egiaztatzeko betebeharrarekin. Horrez gain, bizitegi-erabilera eraginkorretik zenbat eta urrunago egon, orduan eta karga fiskal handiagoa ezartzea planteatzen du, baita etxebizitza bat baino gehiago metatzen duten jabeen kasuan karga hori handitzea ere.

Bigarren egoitzei dagokienez, dokumentuak muga kuantitatiboak ezartzea proposatzen du, bai hiri osoan, bai auzoz auzo, presio turistiko eta inmobiliario handieneko eremuetan bereziki. Alde baterako alokairuari dagokionez, Bizilagunekinek onartzen du beharrizan sozial erreal eta justifikatu batzuei erantzun diezaiekeela, baina erabilera hori kontrolpean jarri behar dela dio: kontratuek arrazoi objektibo eta egiaztagarria jaso beharko lukete, 31 egunetik 12 hilabetera arteko iraupena izan, eta prezioak ezin izango luke azken bost urteetan etxebizitza horrek izan duen ohiko alokairuaren errenta gainditu, legezko eguneratzeak aplikatuta.

Bizilagunekinen arabera, proposamenen helburua ez da turismoaren edo etxebizitzaren inguruko arazo puntualak arintzea soilik, baizik eta hiria antolatzeko eredua birplanteatzea. Plataformak defendatzen du etxebizitzak bizitzeko izan behar duela lehentasunez, eta erabilera turistiko, espekulatibo edo azpierabiliak mugatu eta, behar denean, atzera bideratu egin behar direla. Dokumentuak, horrenbestez, eztabaida publiko eta instituzionalerako oinarri bat eskaini nahi du: Donostian etxebizitzaren eskubidea eraginkor bihurtzeko eta auzotarren egonkortasuna bermatzeko neurri zehatzak mahai gainean jartzea.