“Hau ez da cheesecake bat” Donostia turistifikatuaren kronikak biltzen dituen fanzinea kaleratu du BiziLagunEkin plataformak

44 orrialdeko liburuxkan Donostiaren turistifikazioaren gaiaren alderdi desberdinak jorratzen dira, tonu zorrotza, politikoa eta umorezkoa tartekatuz. Komikiak, denbora-pasak, poesia eta bestelako arte adierazpenak tartekatzen dira hiriaren historiaren eta egoeraren irakurketekin, datu-bildumekin eta iritzi artikuluekin. Fanzineak tresna bat izan nahi du Donostia desazkunde turistikorantz bideratzeko aldarrikapena zabaldu eta hiriak bizi duen turistifikazio prozesuaren gainean hausnarketa kritikoa sustatzeko.

Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak koordinatu eta editatu du auzolanean egindako argitalpena eta hainbat kolaboratzailek egin dute ekarpena bertan, besteak beste Ramon Agirre aktoreak eta Mikel Marrazki komikigileak.

Fanzinea salgai dago 3 euroko prezioan Okendo kaleko Hontza liburu dendan, Parte Zaharreko Ikatz okindegian eta Bizilagunekin plataformak antolatutako deialdi eta ekitaldietan.

Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziapean zabaldu da, beraz, egileak baimena ematen du edozein bitarteko edo formatutan partekatu, kopiatu eta birbanatzeko, nahasteko, eraldatzeko eta orijinalean oinarrituz sortzeko; beti ere, jatorrizkoaren egiletza aitortzen bada, emaitza ez bada xede komertzialetarako erabiltzen eta jatorrizkoaren lizentzia berarekin zabaltzen bada.