Ingurumen arloko elkarteek eta Gipuzkoako hondartza guztietako surflariek sinadura bilketa hasi dute Donostian olatu artifizialak geldiarazteko

Webgune bat eta bideo informatibo bat argitaratuta, sinadura-bilketa hasi dute, Donostiako Udala interpelatzeko eta honek Antondegin olatu artifizialen instalazio bat eraikitzeko duen proiektu polemikoa geldiaraz dezan eskatzeko.

Webgune horretan, ANTONDEGI BERDEA – OLATUAK ITSASOAN kolektiboa osatzen duten 7 elkarteak aurkezten dituzte; zehatz-mehatz azaltzen dituzte proiektuaren aurkako argudioak –8 ingurumen arlokoak eta beste 10 surfaren ikuspegitik emandakoak; eta proiektuaren egoera eta kolektiboaren posizioa labur azaltzen dituen bideo informatibo bat ere eskaintzen dute.

Ematen dituzten argudioak polemika honetan oso aintzat hartu beharrekoak direla sinetsita, herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte ondo informatzera, honako webgunean: antondegiberdea.eus

Sinadurak bilduz, Donostiako Udaleko udal-ordezkariak interpelatu nahi dituzte zuzenean, eztabaida publikoa saihesten ari direlako, beren marfilezko dorrean konfinatuta daudelako, ez dutelako aurpegia ematen komunikabideetan, eta uko egiten diotelako iritzi publikoa informatzeari.

Gauden fasean, erantzukizuna Udalaren teilatu gainean dago. Udala da, proiektua aurrera ateratzeko lurzoruak birkalifikatu beharko lituzkeena, Antondegin olatu artifizialen azpiegitura eraikitzeko baimena emateko. Eta, beraz, Donostiako Udala da plaza publikoan azalpenak eman behar dituena.

Kolektiboak adierazi du Udalak proiektua defendatzeko azaldu dituen arrazoi batzuk ahulak direla eta beste batzuk gezurtiak:

● Olatu artifizialen igerilekuak ez luke Zurriolako hondartzako masifikazioa arinduko, Udalak esan bezala, baizik eta guztiz kontrakoa, areagotu egingo luke.

● Udalak esan duenaren kontrara, proiektuak baliabide publikoak beharko ditu,
eraikiko den lurzorua titulartasun publikokoa delako eta, Udalak berak aipatu
zuenez, instalaziora arteko bide-sarbideak ere eraiki beharko lituzketelako.

● Udalak dio Antondegin olatu artifizialak jartzeak etxebizitzak eraikitzeak baino kalte txikiagoa izango lukeela ingurunean, beste aukerarik ez balego bezala.

Gainera, gogoratu beharko genuke 2016ko Donostialdeko Lurralde Plan Partzialaren (LPP) bidez Antondegirako proiektatutako etxebizitzen eraikuntza geldiarazi zela, alderdi teknikoengatik eta jasangarritasunarengatik.

Azpimarratu behar da, baita ere, gero Udalak lehiaketa publiko bat antolatu beharko lukeela. Ondoren ezagutuko genuke zein litzatekeen enpresa irabazlea. Eta horregatik, harrigarria da Udalak eztabaida publikoa saihestu nahi izatea eta proiektuan interesa eta irabazi-asmo zuzena dituen enpresa bat izatea proiektua berea balitz bezala defendatzen ari dena komunikabideetan.

“Uste dugu kasu honetan gauzak ez direla hasieratik ondo bideratu, informazio faltagatik eta proiektua inposatu nahi izateagatik. Antondegiko prozesuan funtsezkoak diren kolektiboak kontuan hartu gabe, zaindu beharreko gure gune berde aberatsean.

Prozesu honek luze joko du eta ez dugu atzera egingo”, esan du Jabi Iraizozek, proiektuaren aurkako argudioak sinatzen dituzten surflarien bozeramaileak. Kolektiboak sare sozialetan ere ireki ditu informazio kanalak: Facebooken, Twitterren eta Instagramen. Eta iragarri du herritar guztiei irekitako lehen hitzaldi informatiboa eskainiko dutela, ekainaren 10ean, Okendo Kultur Etxean. Eta Gipuzkoako kostaldeko herri guztietan ere antzeko beste aurkezpen batzuk egingo dituztela, bertako surf elkarteen bitartez.

change.org/antondegiberdea

http://www.antondegiberdea.eus/