KONZENTRAZIOA ZINEMALDIAN WOODY ALLENEN FILMAREN AURKEZPENEAN:

Donostiarrak ez gara figuranteak gure hirian!

Zinema munduan ibilbide garrantzitsua egin duen pertsona batek ez gaitu itsutzeraino liluratuko.  Gure bizitzetako aktore protagonistak izateko determinazio osoa daukagu. Ez dugu onartzen gure hiriarekin egiten ari direna. Elkarrekin aurre egingo diegu hiria negozio bat bezala erabili nahi dutenei.

Donostia turistifikazio prozesu azkar eta bortitzean daramate agintari publikoek. Turista eta inbertsoreak hirira erakarri nahiaren atzean, prozesu honen bidez etekin ekonomiko erraldoiak lortzen dituztenak daude. Bitartean, herritarron gehiengoak gero eta zailagoa daukagu Donostian bizitzea: etxebizitzaren prezioa, lan-merkatu prekarizatua, kontsumo prezioen igoera…

Hiri-marka eta kulturaren merkantilizazioak helburu komertzial partikularrei erantzuten diete hiri honetan. Helburu horren mesedetan datorren orori alfonbra gorria jartzen zaio, bertako bizilagunon bizi-baldintzen gainetik pasa behar badira ere.

Eskatzen dugu:

Woody Allen eta Mediaprorekin egindako tratuak eta pelikula grabatzeko erakunde publikoetatik eskainitako zerbitzu eta laguntza oro gardentasun osoz argitzeko. Honek enkarguzko makro iragarki baten itxura handiegia dauka.

Ez baliatzeko filma Donostia parke tematiko gisa karakterizatzeko eta jarduera turistikoaren sustapenerako. Hirian desazkunde turistikoaren norabidean kokatzeko momentua da. Donostia ez da dekoratu bat eta donostiarrak ez gara figuranteak.

BizilaLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma

Ernai gazte antolakundea