¡Donostia por el derecho a la vivienda!
Donostian arazo larria daukagu etxebizitzarekin. Etxebizitza larrialdia bizi dugu. Ez da arazo berria, urteetan luzatzen den egoera zaila eta gogorra da. Baina denbora pasa ahala, konpontzera bideratu ordez okerrera egiten ari dela ikusten ari gara donostiarrok.
Ez da errespetatzen herritarren etxebizitza eskubidea. Espekulazioaren atzaparrak pertsonen eskubideen eta duintasunaren gainetik pasatzen dira eguna joan eta eguna etorri. Hiriko arazo sozial nagusietakoa dena, diru gehien mugitzen duen negozioetako bat da, aldi berean. Eta hori ez da zilegi, izan ere etxeak bizitzeko dira, ez negozio egiteko.
Donostiarrak nazkatuta gaude. Ez da onargarria eta ez gaude onartzeko prest. Etxebizitza larrialdiari aurre egiteko bestelako politikak lehentasunez eta urgentziaz ezarri behar dira. Eta horretarako ardura izan behar luketen agintari publikoek espekulazioarekin eta bizilagunen oinarrizko beharrekin negozio egiten dutenen alde gobernatzeari utzi behar diote. Etxebizitzaren prezioak eta, bereziki, alokairuarenak gora eta gora egiten du, funts putreak heldu dira eraikin osoen jabe egin eta bizilagunak kanporatzera, behar gorrian dauden pertsonak babesgabe daude, belaunaldi oso batek bere burua hiritik joatera behartua ikusi du, turistifikazioak hotel eta pisu-turistiko bihurtu ditu bizitzeko behar ditugun etxeak…
Aipatutakoak ez dira arazo indibidualak edo pertsonalak. Hiri osoaren, gizarte osoaren, arazoak dira. Hiriaren elitizazioa, gazteriaren kanporatzea, espekulatzaileen botere pilaketa eta auzo-komunitateen desegitea arrisku errealak baina gehiago dira, martxan dauden prozesuak dira.
Bat eginik eta donostiarren arteko elkartasunean oinarrituta soilik egin ahal izango diogu aurre gertatzen ari denari. Horregatik, Donostiako talde eta elkarte guztiei, mugimendu sozial eta sindikatuei, alderdi politikoei, eta herritarrei dei zabala egin nahi diegu. Egoera larria da, atzera bueltarik gabeko arazoak sortzen ditu eta aurre egin behar diogu gehiengoaren arazoekin aberasten den gutxiengo horri. Mugitzeko ordua da. Jo dezagun kolpea mahai gainean maiatzaren 22an. Atera gaitezen kalera gure eskubideen, gure bizilagunen eta gure hiriaren defentsan.
MANIFESTAZIOA: MAIATZAK 22, LARUNBATA. 17:30EAN. KATALUNIA PLAZATIK
Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa – Amara Bai Auzo Elkartea – BiziLagunEkin Plataforma – BLP Red Vecinal de Bidebieta – Donostiako Okupazio Bulegoa – Donostialdeko Maizterren Sindikatua – Egia 22 Asanblada – Egia Bizirik Auzo Elkartea – Groseko Hondarpe Auzo Elkartea – Heriz Plataforma – Infernua Bizirik – Inquilinos de Azora – IZBE Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkartea – Kaleratzeak Stop Desahucios Donostialdea – Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea – Saretxe