Mirakontxako hotelari ehundaka milaka euro irabazten utzi dio Udalak udako denboraldian, arauak betearazi gabe

Hilabeteak dira Donostiako leku zentral eta ederrenetako batean, Kontxara begira, Robert De Niro aktoreak sustatutako 5 izarreko luxuzko hotelaren irekiera iragarri zigutela, bere distira eta ponperia guztiarekin. Ordutik bertako eta kanpoko hedabide ugaritan ikusi ditugu hotel berriaren sustapenerako publi-erreportajeak. Hamaika pertsona, erakunde eta ekitaldi ezagunen izena hotelarekin erlazionatuta aurkitu dugu; turistifikazio elitizatzailearen isla den proiektu honekin lotuta.

Bitartean hiriko bizitza gobernatzeko eta donostiarrak politikoki ordezkatzeko ardurari erantzun behar lioketen erakundeetan jokaera onartezinen kate bat gertatzen ari zen. Turistifikazioaren ondorioei neurria hartzeko ustezko borondatea lau haizeetara zabaltzen duen antzezlaneko aktoreak, udal arduradunak, arauei errespeturik ez dieten negozio milioidunen sustatzaileen konplize izan dira, beste behin. Nobu hotelarekin gertatzen ari dena oso larria da eta arduradun zehatzak ditu.

2023ko urtarrilean, maiatzean, abuztuan eta irailean jaso ditu udalak Nobu hotelaren eraikuntzan ematen ari ziren arau-hausteak agerian jartzen zituzten salaketak. Besteak beste, hotela 2023ko Aste Nagusian zabaldu aurretik, eraikina altuera handiagoan berreraikitzen ari zirela eta baimenik gabeko tximiniak ezarri zituztela salatua izan zen, beharrezko froga grafikoz hornituta. Azaroan hiriko ondare arkitektonikoaren zaintzan eta defentsan diharduen Ancora elkarteak egoera salatzen duen idatzia errejistratu du Udalean eta publikoki aireratu du auzia. Agerian geratu ostean, Udalak hotelaren itxiera agindu du. Ancoraren idatziak oso ondo azaltzen eta dokumentatzen ditu urraketa guztiak.

Baina ondare arkitektonikoaren ikuspegitik egindako txikizioez gain, araudiarekiko jokaera da nabarmentzekoa. Jarduera-baimenik gabe hotela irekita zegoela begi bistakoa zen. Hirigintza sailaren esku zeuden salaketa guztiak eta Hirigintza zinegotzia hotela ireki zuen momentutik jakitun zen baimenik gabe ari zirela. Alkatea berak eta beste hainbat zinegotzik hotelean egindako ekitaldietan parte hartu dute, baimenik gabe zabalik eta negozio egiten ari zen hotelean. Eta jokaera lotsagarri hori ilustratzen duten argazkiak denok ikusi ditzakegu.

Gaia publikoki salatu den arte, hirigintza zinegotziak eta alkateak ez dute neurririk hartu. Eta, berriz diogu, egoeraren jakitun ziren hasieratik. Herritarrak mugitu dira hiriaren interes orokorra defendatzeko, eta horrek soilik behartu ditu udal arduradunak itxiera agintzera. Hirigintza eta lurzoruari buruzko 2/2006 Legeak 225.4.b) artikuluan dio “Erantzukizuna izango dute lurralde-antolamenduan eta hirigintzan eskumena duten toki-erakundeetako kideek eta agintariek, gauza hauek egiten dituztenean: (…) b) Ezkutuko ekintza edo jarduerak eta hirigintzako arau-hausteak ikuskatzeko, babesteko, konpontzeko eta zehatzeko ahalmenez ez baliatzea.”

Oso larria da gertatutakoa. Izan ere, itxiera-agindua abuztuan bertan sinatu zezaketen arren, turismo denboraldiaren garai emankorrenean negozioarekin jarraitzea baimendu diote hotel ilegalari. Kontuan izanda gauek 800 eta 1800€ artean balio duten 20 gelarekin lan egiten duela hotelak, ehundaka milaka euroko diru-sarrerak eskuratu ahal izan dituzte hiru bat hilabetean zehar.

Hotela itxi egin dute oraingoz, ez duelako lehen erabilerarako baimena eskuratu. Diru-sarrera hori eten egin diote. Baina, zigorra eta isuna merezi duten arau hauste larriak egin dituzte hotelaren sustatzaileek: babestutako arkitektura osagaiak nabarmen kaltetu, errejistratutako proiektuari ez jarraitu eta altuera igo, tximiniak ezarri, jarduera gabe aritu… Horrek guztiak isuna merezi du. Baina oraindik ez zaio zigor-espedienterik zabaldu. Hirigintza eta lurzoruari buruzko 2/2006 Legearen 226.4. artikuluak dio “Arau-hausteak inola ere ezingo dio ekarri onura ekonomikorik arau-hausleari. Beraz, arau-haustea egiteak onura ekonomikorik ekarri badu edo badakar, lortutako onura ekonomikoaren guztizko zenbatekoa gehituko zaio zehapen ekonomikoari”. Zigor handiak jaso beharko lituzke, beraz, Nobu hotelak, hirigintza araudiari erreparatuta.

Salatzen dugu Udalak utzi egin duela arau hauste hau gertatzen. Informazio guztia eskura izan arren, Nobu hotelaren delituekin konplizitatez jokatu duela.

Salatzen dugu hotelaren sustatzaileen aldetik, Mirakontxa erdian, babestutako eraikin batean, honela jokatzeak donostiarroi errespeturik ez izatea dela. Herritarroi barre egiten saiatzea da.

Larria bezain tristea izan arren, Udal arduradunek luxuarekin eta glamourrarekin txundituta jokatzen dutela da hipotesirik baikorrena. Edozein kasutan, donostiarron interesak bigarren mailan utzi dituztela, behintzat, agerikoa da. Ez da lehenengo aldia turismo jarduerarekin lotutako negozio proiektuetan ikuskapen faltarekin batera gertutasuna publikoki agertzen dutena.

Eskatzen dugu Udalak hotelaren sustatzaileei egindako arau hauste guztiekiko neurriko zigor ekonomikoa ezartzea: hilabete hauetan ilegalki eskuratutako diru-sarreren kopuruaz gain, ondareari egindako kaltea eta balizko lehengoratzea estaliko dituena, gutxienez.

Eskatzen dugu Udalak aurrerantzean arau guztiak betetzen dituela frogatu eta bermatu arte ez baimentzea inongo negozio-proiekturi jarduerarik; ez ofizialki, ez de facto.

Dei egiten diegu donostiarrei gure hiria eta gure bizitzak kaltetzen dituen turistifikazioaren aurka aktibatzeko eta antolatzeko, denetariko elkarte eta ekimenetan parte hartuz. Donostia berreskuratu behar dugu turismo jarduerarekin aberasten ari direnen eskuetatik eta beren mesedetan gobernatzen dutenengandik. Donostia desazkunde turistikorantz bideratzea premiazkoa da.