Norabide bat

Asier Basurto Arruti – BiziLagunEkin plataformako kidea

Hauteskunde usaina heldu zaigu, udaberri usainarekin batera, aste hauetan. Bidegorri asfaltatu berriek eta publizitate instituzionalaren biderkatzeak ematen dizkigute hauteskundeen etorreraz ohartzeko pistak.

Donostiako Udalak hotel berriak irekitzeko baimenak bertan behera utzi ditu. Urtebeteko moratoria ezarri dute. Erabakia “turismo jasangarri eta arrazoizkoa izateko estrategiaren barruan” dagoela azaldu zuen Eneko Goia alkateak. Lizentzia berriak eman ez arren, kontuan hartu behar da dagoeneko tramitean dauden 75 pisu turistikok eta lizentzia eskuratua duten hotelek aurrera jarraituko dutela; tartean Arte Ederren antzokia ia erabat eraitsi ostean eraikitzen ari diren luxuzko Hilton hotelak.

Hipokrisia kiratsa ekarri digu udaberriak hauteskunde usainarekin batera. 8 urtean 43 hotel baimendu ditu udal gobernuak. 2017an legea betetzen ez zuten milaka pisu turistiko legeztatzeko sortu zuen araudia eta, gerora, horiekin aberasten direnen negozioa babestu du epaitegien aurrean. Turistifikazioaren makinaria indar betean hedatzeko eta gailentzeko erraztasunak ematen aritu ostean, ez du sinesgarritasunik saturazioa konpontzeko arduratsu izango dela kontatzen digunean. Erabaki kosmetikoa da. Arazoa geldiarazteko aukera izanda ez dituzte beharrezko neurriak hartu.

Moratoria justifikatzeko, turistifikazioak etxebizitzaren merkatuan, enpleguan, auzo bizitzan eta eredu ekonomikoan dituen kalteak zerrendatu dituzte. Orain arte hiriaren bilakaerarekin kritiko agertu diren herritarrek, elkarteek eta plataformek bazterkeria jasan dute. Orain, egoera larria denean eta hauteskundeak datozenean, arduratuta daudela eta soluzioak dakartzatela esateko mozorrotzen zaizkigu egoeraren erantzule direnak.

Izan ere, donostiarrak kezkatuta eta haserre daude hirian gertatzen ari denarekin. Donostia Turismoaren inkesten arabera herritarren %60k uste du ez litzatekeela turista gehiago erakarri behar hirira. Hauteskunde aurretik itxurakeria gehiagoren testigu izango gara: promesak, infografia dirdiratsuak… Hiri bizigarria ez da hauteskundeetan soilik jokatzen. Turistifikazioarekin irabazten ateratzen direnen garroak hiriko botere-gune askotara heltzen dira. Baina, aste hauetan eztabaida publikoan inoiz baino arreta handiagoa jarriko da hiri ereduarengan.

Arreta hori desbideratzeko saiakerak etorriko dira: hotelen moratoria bezalako epe-laburreko adabakiak. Proposatuko dituzte eraginkortasun hutsala duten amuak: tasa turistikoa, deszentralizazioa (erdialdean mugatu eta beste auzoetara bideratzea) edo desestazionalizazioa (udan mugarik ezarri gabe, beste hilabeteetako fluxuen hazkundea). Eta adi berean, uhartera bisita kopurua handitzen dute, FITURen aurrekontu publikotik ordaindu dute negozio pribatuen promozioa…

Baliatu dezagun garai hau eztabaida pizteko eta gai garrantzitsuei heltzeko: milaka gazte hiritik kanporatzen dituen etxebizitza larrialdiaz, adibidez. Aktiba gaitezen bizilagunekin batera antolatzeko, atariz atari, auzoz auzo eta hiri osoan, informazioa trukatzeko, elkartasun mugimenduekin, espekulatzaileei eta esplotatzaileei mugak jartzen, protestan eta aldarrikapenean.

Norabide bat behar dugu. Hiri ereduaren desazkunde turistikorantz bideratzea da gaur egungo galbidea eteteko bermea. Jarduera turistikoak hirian duen pisuak hazten jarraitzen badu, ez dago oreka sozial, ekonomiko edo ekologiko posiblerik. Bisitari kopuruaren hazkundea bilatzeak edo sustapen turistikoan dirutzak inbertitzen jarraitzeak arazoa handitzen du.

Egoera larriak neurri ausartak eta irmoak eskatzen ditu: trantsizio prozesu planifikatu bat. Hiriaren egitura ekonomikoa orekatzea, turismo sektoreko langileak beste sektoreetara berme guztiekin bideratzea, hiri espazioa herritarron beharretatik birpentsatzea…

Ziurrenik, espekulazioarekin, eraikuntzarekin, ostalaritzarekin eta handizkako merkataritzarekin nahieran aberasten aritu direnekin talka ekarriko luke norabide horrek. Baina saihestu behar ez den talka da, herritarron gehiengoaren beharrei erantzun nahi bazaie. Hori da hitz ederrak proban jartzeko modua. Hor ikusten da nor ari den norentzat eta noren esanetara lanean.

Irutxuloko Hitza 2023/03/31

https://irutxulo.hitza.eus/generoak/iritziak/norabide-bat/