Surflariek Antondegi Berdea kolektiboaren ekintza batean parte hartu dute Donostian olatu artifizialen proiektuaren aurka

Atzo, uztailak 15 osteguna, ANTONDEGI BERDEA – OLATUAK ITSASOAN kolektiboak informazio- eta protesta-jardunaldi bat egin zuen Zurriolan, Antondegirako olatu artifizialen proiektuaren aurka daudela adierazteko.

Sagues inguruan informazio-karpa bat jarri zuten, arratsalde osoan eduki zutena irekita, eta gaiari buruz gehiago jakin nahian hurbildu zitzaizkien herritar interesatuei mota guztietako informazioa eta azalpenak eman zizkieten: proiektuaren nondik norakoak, zein egoeratan dagoen oraintxe eta abar.

Kolektiboko zenbait kidek informazio-eskuorriak banatu zizkieten Zurriola pasealekuan zebiltzan oinezko ugariri. Eskuorri horietan, Donostiako Udalari olatu artifizialen proiektua geldiarazi dezan eskatzeko ematen dituzten argudio sendoak azaltzen dituzte labur-labur eta sinadura-bilketan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dute.

Aldi berean, surflari batzuek egurrezko kartelak jarri zituzten hondartzako hainbat puntutan, egurrezkoak, surflariek berek eskuz egindakoak, eta Antondegirako proiektuaren aurka egoteko eta egiteko dauzkaten arrazoiak nabarmendu zituzten haietan. Horrelako mezuak zeramatzaten kartelek: “Kalte handia egingo liokelako Antondegi inguruari”, “Turista are gehiago ekarriko lituzkeelako”, “Itsasoaren aldamenean erabat zentzugabea delako!”… Eta kartel guztiek pegatina txiki bat ere bazeramaten, honako mezuarekin: “Surf parkeari ez!”.

Eguneko ekintzarik ikusgarriena surflariek egin zuten, arratsaldeko seiak aldera. Haietako hogeita hamar bat uretara sartu ziren beren surf taulekin, arraun egin zuten urautsirano, eta han 15 metro luzeko pankarta bat zabaldu zuten, Zurriola pasealekutik ondo irakurri zitekeena: “Antondegi Berdea – Olatuak Itsasoan – No a las artificiales en San Sebastián”.

Surflariek umoretsu eta jarrera onenarekin egin zuten protesta, eta Jabi Iraizoz bozeramaileak honakoa adierazi zuen: “Zentzugabekeria hutsa da Antondegiko olatu artifizialen proiektua. Gipuzkoako elkarte ekologista eta kontserbazionista guztiak kontra daude, eta surflari askok eta askok ez dugu nahi. Min egiten digu surflarion izenean naturaren kontrako halako zerbait egin nahi izatea. Argudioekin, tonu onean eta irribarre batekin jarraituko dugu proiektua salatzen, ziur baikaude arrazoi dugula”.

Era berean, gaineratu zuen: “Surflarion artean, Donostian olatu artifizialak nahi ez dugunak gero eta gehiago gara, eta ziur nago proiektuaren alde daudenek ere ez dutela begi onez ikusten Antondegin egitea”.

www.antondegiberdea.eus