Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu!

Turismoaren industria kontroletik kanpo dago eta mundu osoan lurraldeak, biztanleen bizitzak eta planeta neurri gabe ustiatzen eta hondatzen jarraitzen du. Gizateriaren ondare komun den elementu natural eta kultural oro pribatizatu eta salgai bihurtzeko hondatzeraino eraldatzen ari da. Bide honetan hiri eta lurralde askotan eredu ekonomikoa monolaborantza turistikorantz desorekatu da eta gutxiengoaren negozioari gehiengoaren beharrei baino gehiago begiratzen dion hirigintza eredua nagusitu da. Ekainaren 15ean, Europa Hegoaldean turistifikazioaren aurkako borrokan dauden hainbat hiritan kalera aterako dira, SET sarearen deialdiari erantzunez, eta berdin egingo dugu Donostian. Hiriaren turistifikazioa era beldurgarrian azeleratu da azken urteetan eta hiri-eredu zehatz honek bizilagunengan dituen eragin kaltegarriak gero eta larriagoak eta nabarmenagoak bihurtu dira. Urteak dira hiriko hamarnaka biztanle, elkarte eta mugimenduk turistifikazioa gelditzeko eta desazkunde turistikoaren bidetik eredu aldaketarantz urratsak emateko aldarrikatzen dugula. Berriz ere kalera aterako gara egoera salatzera eta herritarron bizi-baldintzak erdigunean jarriko dituen hiri-ereduaren alde indarrak metatzera. 

Donostiaren turistifikazioak eragin zuzena du sufritzen dugun etxebizitza larrialdian. Pisu turistikoen ugaritzeak, bigarren etxeen kopuruaren gorakadak eta denboraldiko kontratuen bidez etxeak turismo-alokairura bideratzeak (haien ohiko erabileratik desbideratuta) bizileku-aukerak murriztu dituzte, eta horrek prezioak igoarazi ditu. Herritar askok beren auzoak utzi behar izan dituzte. Erakunde publikoen jarduna, askotan, turismo industriaren eta higiezin espekulatzaileen interesek gidatu dute. Irtenbide bakar gisa eraikuntza berriak aurkezten ari dira, baina babes publikoko etxebizitzak gutxieneko legaletara mugatzen dituzte, eraikitzaileen negozioa lehenesten da eta herritarren beharrak horien menpe jarri. Egoera horri aurre egiteko, ezinbestekoa da alokairuen erregulazioa ezartzea, nahiz eta neurri hori bakarrik ez den aski. Horrez gain, pisu turistikoen desagerpenerantz jo behar da eta bigarren etxebizitzen erabilera mugatzeko politika eraginkorrak behar dira. Hiriaren bizigarritasuna bermatu nahi bada, etxebizitza merkantzia izatetik eskubide izatera igaro behar da, politika publiko ausartak eta interes orokorra lehenesten duten erabakiak hartuta.

Klima larrialdia eta ingurune naturalen hondamendia ez dira etorkizuneko mehatxu hipotetikoak, eguneroko errealitatearen parte dira dagoeneko. Donostiaren inguruneak, mendiak, hondartzak eta itsasertza, gero eta gehiago jartzen dira arriskuan hiri-eredu jasangaitzaren ondorioz. Eta hiri espazioan bertan gero eta tarte txikiagoa uzten zaie errentagarritasunik ematen ez duten espazio berdeei, zuhaitzei eta animalei. Merkatu turistikoaren eskariak ez du justifikatzen ingurumenarekiko gehiegizko presioa eta eraldaketa. Premiazkoa da garraiobide kutsakorren erabilera mugatzeko politikak ezartzea —hegazkinak, gurutzontziak eta auto pribatua barne— eta turismoaren mesedetarako garraio azpiegitura berrien sorrera —metroa bezala— etetea. Herritarren eta naturaren arteko oreka berreskuratzeko, ingurune naturalak babesteko neurri ausartak hartu behar dira, gutxiengo baten negozioaren izenean hondamendia legitimatu ordez.

Turistifikazioak hiri-espazioaren konfigurazioa bera ere aldatzen ari da, kaleak eta plazak kontsumoaren logikaren arabera eraldatuz. Hirigintzaren eta espazioaren diseinuaren ardatz nagusi bihurtu da fluxu turistikoak erraztea; baina horrek ondorio larriak ditu herritarron eguneroko bizitzan. Peatonalizazioak eta garraio-aldaketak, teorian jasangarritasunaren izenean justifikatzen direnak, sarritan turistak gidatzeko bide estrategiko bihurtzen dira, tokiko biztanleen beharrak kontuan hartu gabe. Azpiegitura berriak (metroa) eta interes turistikoko proiektuak (Goe, Merkatal zentroak) kokapen estrategikoetan ezartzen dira, eguneroko bizitzaren logikarekin talka eginez. Tokiko merkataritza gero eta gehiago itotzen da, frankizia globalen eta turismoarentzako diseinatutako negozioen mesedetan. Saturazioak eta jendez gainezka dauden kaleek mugatu egiten dute jolasteko, paseatzeko, atseden hartzeko edo solasean aritzeko aukera; espazio publikoa, komunitatearen kohesiorako funtsezkoa dena, gero eta gehiago bihurtzen da kontsumora bideratutako eszenatoki. Espazio komunak, partekatuak eta biziak behar ditugu, ez erakusleiho bihurtutako kaleak.

Turistifikazio prozesuan ez da soilik gure hiria fisikoki eraldatzen; gure izaera kolektiboan, hizkuntzan eta kulturan ere eragin bortitza du. Ikuskizunaren logikak kulturaren merkantilizazioa ekarri du, eta sortzaile-kulturak ez du lehentasunik bertan, kontsumo azkarreko ikuskizunek ordezkatua. Hiriguneko zonalde turistifikatuenetan euskara, sarritan, apaingarri hutsetan ageri da, hizkuntza komunitario eta bizi gisa ordez. Hiri-nortasuna bera lausotu egin da, marketin turistikoaren eskakizunen arabera egokitutako irudi estereotipatuaren mesedetan. Etxebizitza espekulazioak eta etengabeko birmoldaketa komertzialak ondare arkitektonikoaren galera bizkorra ekarri dute. Azken batean, tokiko gizartearen kultura eta izaerak kalte handia jasaten dute, salgai bihurtu eta merkatu globalera egokitu nahi direnean. Gure bizimodua eta kultura ez da produktua, komunitate biziaren adierazpen dinamikoa baizik.

Turistifikatutako hirian areagotu egin dira bazterkeria eta desoreka ekonomikoak, eta horien atzean dagoen egiturazko indarkeria ezkutatu egiten da arrakastatsu gisa aurkezten den hiri-ereduaren azpian. Turismoaren bueltan sortzen diren lanpostuak, oro har, prekarietatean oinarritzen dira: denboraldi motzeko kontratuak, ordainsari baxuak eta lan-eskubide urraketak ohikoak dira. Gainera, egiturazko zapalkuntzak medio, emakumeak, migratuak eta gazteak dira lanpostu turistiko prekario horietan baldintza txarrenak pairatzen dituzten pertsonak. Aldi berean, gero eta zailagoa da pobrezia egoeran bizi diren herritarren presentzia onartzea hiri turistiko ederraren postalean; ikusezin bihurtu nahi dira, edo hiritik kanporatu. Hiriaren gune turistifikatuenak gero eta elitistago bihurtzen ari dira; bizilagunak kanporatzen diren bitartean, hiria luxuzko resort bihurtu nahi da: apartamentu esklusiboak, boutique dendak eta taberna zein jatetxe garestiak ugaritzen dira, bizilagunentzat eskuragaitzak. “Kalitatezko turismoa” deritzonaren bidez, hiria da aberatsen premien arabera eraldatzea legitimatu nahi da, horrek arrakala ekonomiko gero eta sakonagoa sortzen badu ere.

Gaur egungo hiri-ereduak sortzen dituen kalteak ikusita, ezinbestekoa da desazkunde turistikoa helburu komun gisa planteatzea. Turismoari baliabide eta espazio gehiago eskaintzea ez da bideragarria, ez ekologikoki, ez sozialki, ez ekonomikoki. Turistak erakartzea ez da helburu kolektibo desiragarri bat donostiarron gehiengoaren interesetatik begiratuta. Herritarren bizi-baldintzak lehenetsi behar dira, eta horrek eskatzen du turismoari muga erreal eta zorrotzak ezartzea. Neurri ausartak eta presazkoak behar dira: turismo sektorearen hazkundea mugatzea eta lehentasunak birplanteatzea. Hiriaren eredu ekonomikoaren trantsizio oso bat irudikatu, planifikatu eta gauzatu behar da, turismoarekiko mendekotasunean oinarritu diren jarduera ekonomiko eta lanpostuak bestelako sektoreetara birbideratuz: zaintza, kultura, nekazaritza jasangarria, industria sortzailea, ikerketa, komunitate ekonomiak… Gure ongizateak ez du oinarritu behar bisitari kopuruan, komunitatearen beharrei erantzuten dien garapen orekatuan baizik.

Herritarrek osatzen duten komunitatea da hiriaren bihotza, taupadaz taupada odola mugiarazten diona eta bizia ematen diona. Hori dela eta, komunitate-bizitza sustatzea, babestea eta indartzea funtsezkoa da hiri bizigarri eta osasuntsu bat irudikatzeko. Gizarte-kohesioa, elkartasuna, elkar zaintza, bizilagunen arteko harremanak eta nortasun kolektiboa sendotzeko politikak eta baliabideak behar dira. Horrekin batera, mehatxupean dagoen elkartegintza aitortu behar da, tokiko biziaren oinarri sendo gisa. Herritarren arteko loturetatik sortzen diren antolakuntza formak —auzo elkarteak, kultur eta kirol elkarteak, aisialdikoak, ikasketa taldeak, plataforma herritarrak eta hamaika herri mugimendu— ez dira osagarriak, ezinbesteko baizik. Herritarren energia eta denborarekin, modu boluntarioan, komunitatea eraikitzen eta bizirik mantentzen dutenak dira. Eta beren bizimodua hobetzeko aldarrikapenak, proposamenak eta alternatibak planteatzen dituztenak. Hiri hau diruagatik aldatzen ari diren horietatik aske etorkizun bat irudikatzeko, herritar antolatuen ahotsa errespetatu, entzun eta entzunarazi behar da. Tokiko forma hartzen duen borroka global honek gure ingurunearekin dugun harremanaren alderdi asko zeharkatzen ditu. Horregatik dei egiten diegu Donostiako bizilagunei antolatzeko eta hiri-eredu bizigarriaren aldeko borrokari eusteko; helburuak eta bideak merezi du.

Turistifikazioari stop! Desazkunde turistikoa orain!

ATXIKIMENDUAK:

  1. Alde Zaharreko Gazte Asanblada (AZGA)
  2. Alternatiba
  3. Altza XXI Herri Ekimena
  4. Amara Bai Udalgintza Lantaldea
  5. Áncora
  6. Añorga Txikitarrak Auzo Elkartea
  7. Antikapitalistak
  8. Belartza 2 Gelditu
  9. CNT Gipuzkoa
  10. Dendartean, Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkura
  11. Donostiako Asanblada Transmarikabolloa
  12. Donostiako Bilgune Feminista
  13. Egia Bizirik Auzo Elkartea
  14. Eguzki
  15. EHGAM Gipuzkoa
  16. Ekologistak Martxan Gipuzkoa
  17. Erdian Bizi Auzo Elkartea
  18. Ernai Donostia
  19. ESK Sindikatua
  20. Euskal Herrian Euskaraz Donostia
  21. G.TAXI, Gipuzkoako Taxilari Autonomoen Elkartea
  22. Haritzalde Naturzaleen Elkartea
  23. Herria Kultur Elkartea
  24. Herripe Auzo Elkartea
  25. Hiritarron Harrera Sarea
  26. Ikama Donostia
  27. Ilunki Kultur Elkartea
  28. Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea (IZBE)
  29. Intziri
  30. Jauzi Ekosoziala
  31. Kaleko Afari Solidarioak
  32. LAB Sindikatua
  33. Manteoko Bizilagunak
  34. Martutene Bizirik
  35. Morlanstarrak Auzo Elkartea
  36. Mugarik Gabe
  37. Ondare SS
  38. Parkea Bizirik
  39. Parte Zaharrean Bizi
  40. Piztu Donostia
  41. Saretxe, Groseko Etxebizitza Sindikatua
  42. Sarroeta Auzo Elkartea
  43. Satorralaia
  44. Sortu Donostia
  45. SOS Manteo
  46. STEILAS Sindikatua
  47. Stop Desahucios Donostialdea
  48. Txago Gipuzkoa
  49. Uliako Auzo Elkartea
  50. Uliako Lore Baratzak
  51. Urumeako Bizilagunen Elkartea

Bizilagunekin plataformak Donostiaren turistifikazioaren aurkako manifestazioa deitu du

Desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren Bizilagunekin plataformak manifestazioa deitu du ekainaren 15erako, eguerdiko 12etan Kontxako erlojuetatik irtenda. “Bertan bizi nahi dugu! Donostiaren turistifikazioa gelditu!” lema izango du martxak, eta hiriaren erdialdeko eta parte Zaharreko kaleak zeharkatuko ditu.

Europa Hegoaldean turistifikazioaren aurrean dauden SET sareak egindako deialdiari erantzuten dio Donostiako manifestazioak. Hainbat hiri eta lurraldetan turistifikazioaren aurka eta desazkunde turistikoaren alde mobilizazioak eta aldarrikapen ekintzak egingo dira egun berean.

Bizilagunekin plataformak dei egiten die donostiarrei eta hiriko elkarte zein mugimenduei deialdiarekin bat egitera. Donostiarren bizitzak eta bizi-baldintzak arriskuan jartzen dituen turistifikazioaren kontra eta herritarren beharrak erdigunean izango dituen hiri-eredu bizigarriaren alde aktibatzera eta ahotsa altxatzera gonbidapena egiten du.

Hurrengo egunetan deialdiaren inguruko xehetasun gehiago komunikatuko dira.

EUROPA HEGOALDEAK BERE BURUA ANTOLATZEN DU GERO ETA HANDIAGOA DEN SU TURISTIKOAREN AURKA

Iazko udako turistifikazioaren aurkako mobilizazioak hurrengoen haziak dira; eta lurralde turistifikatuen eraldaketa sozioekonomikoaren haziak.

Hamarkadak dira gure lurraldeen ustiapen turistikoak kontrako erreakzioak eta mobilizazioak eragiten dituela, baina joan den udakoak jauzi garrantzitsua izan ziren, kalitateari eta kantitateari dagokionez. Udaberrian, Afrika ipar-mendebaldeko ‘Kanariar Uharte’ ultraperiferikoak kalera atera ziren, ‘Canarias agortzen ari da!’ eta “Canariasek muga bat du” esateko. Mobilizazio hauek parte-hartze masiboa eta denetarikoa izan zuten, aurretik inoiz ikusi gabekoa. Txinparta laster zabaldu zen Mallorca, Bartzelona, Kantabria, Donostia, Alacant, Menorca, Cadiz, Granada… Herritarren mobilizazio horiek bat egiten zuten gure lurraldeak ez direla saltzen esatean, turismoaren hazkundeari mugak jartzea aldarrikatzean, norabide aldaketa premiazkoa zela eskatzean eta desazkunde turistikoaren bidea irteera gisa aipatzean.

Gehienak manifestazio jendetsuak edo aurrekaririk gabeak izan ziren, munduari bira eman zioten irudiekin. Eta sendotu zuten turismoaren inguruko kontakizun bat duela gutxi arte pentsaezina zena. Jendea pobretzen duen erauzketa-industriaren kontakizun errealista, etxebizitza eskuragarria ezinezko egiten duena, ekonomia eta lana sektore bidegabe eta ustiatzaile honetan kontzentratzen dituena. Krisi ekologiko betean ura, airea eta lurzorua kutsatzen dituen industria bat, planetaren berotzearen erantzule diren isurketen % 9 eragiten duena. Energia eta baliabide naturalei dagokienez, lurraren gaitasun biofisikoa agortzen duena, lurraldea, merkataritza eta zerbitzuak, azpiegiturak eta garraio publikoa, dirulaguntzak eta sektore publikoaren pribilegioak bereganatzen baititu. Inpaktu horiek guztioi eragiten digute, baina ez modu homogeneoan, egiturazko bidegabekeriak areagotzen baitituzte: turistifikazioaren esplotazioa nabarmenagoa da arrazakeriaren, generoaren, sexu-orientazioaren edo kapazitismoaren ondoriozko diskriminazioak jasaten dituztenengan, eta intersekzionalki eragiten du.

Covid pandemia krisi bereziki krudela izan zen lurralde turistifikatuetako biztanleekin, eta, aldi berean, desazkunde turistikoari buruzko gure tesien berrespena ekarri zuen. Administrazio publikoaren eta sektore pribatuen erreakzioa, ordea, are gogorragoa izan da: turismoaren sektoreari emandako laguntza handitu egin da, pandemian finantza-erreskatearen itxura hartu baitzuen, eta turismo-lobbyek eta botere publikoek arreta desbideratzeko estrategia berriak sortu baitituzte. Status quo-a mantentzen duten bitartean gauzak aldatu egiten direla simulatzera bideratzen dute diskurtsoa piromano hauek. Hala, ekonomia urdina, jasangarritasuna, politika isolatu gisa fiskalitatea handitzea, kalitatezko turismoa eta elitizazioa, kultura- eta kirol-ekitaldiak eta -makroekitaldiak koartadak dira hazkunde turistikoa legitimatzeko. Egia esan, betiko injustizia eta esplotazio ekuazio beraren birformulazio zabarrak dira: botereak eta kapitalak irabazten dute; jendeak, lurraldeak eta planetak galtzen dugu.

Turistifikazioari mugak ezartzeko ekintza bakoitza kontzientzia kolektibo gero eta handiagoaren adierazpena da. Gaur egun, turismo-monolaborantza gizarte-eztabaiden parte da, eta lurralde turistifikatuetako biztanle gehienek baztertu egiten dute. Manifestazio bakoitzak une bat markatzen du eta, batzuetan, inflexio-puntu bat. Testuinguru honetan, 2018an jaio zen Turistifikazioaren aurkako Europako hegoaldeko sareak (SET) topaketa hau antolatu du eskualdeen arteko laguntzarako gune gisa, hamabost lurralde baino gehiagoren parte-hartzearekin eta Bartzelonako nahiz Kataluniako pertsona eta gizarte-mugimenduekin.

Hiru egun izango dira elkarri entzuteko eta eztabaidatzeko, taldekako ikaskuntzarako, elkartrukerako eta sorkuntzarako: gure mezuen eta ekintzen irismena nola zabaldu hausnartu behar dugu, mobilizatzeko, antolatzeko, komunikatzeko eta politikan eragiteko modu berriak erabiliz. Lurraldeek, bertan bizi direnek eta planeta osoak behar dituzten aldaketak eta politikak bultzatu behar dira: turismo-ustiapenari mugak jarri behar zaizkio, ekoizpen-ereduak eraldatu behar dira, bizitza eta ekosistemak erdigunean jarriz. Amaitu behar da espazioen, baliabideen eta biztanleriaren kontsumo itsu eta mugagabearen turismo ereduarekin.

Horretarako, lurraldeetako egoerari eta kolektibo parte-hartzaileen ekintzari buruzko elkarrizketak, tailerrak eta eztabaidak egingo ditugu: diagnostikoa, mobilizazio-modu berriak, etxebizitza, lan-borrokako estrategiak, mugikortasuna, krisi ekologikoa, distrakzio-estrategiak, turismoa murrizteko neurriak eta produkzio-birmoldaketa. Jardunaldiei amaiera emateko, ekintza sinboliko bat egingo dugu Sagrada Familiaren inguruan, lurralde desberdinen artean koordinatutako turistifikazioaren aurkako hurrengo mobilizazioak abiarazteko.

Topaketa arrakastatsua da dagoeneko existitzen delako eta auto-antolaketatik egiten delako. Gaur, gainera, iragarri nahi dugu datorren ekainaren 15ean SET sareko lurraldeek manifestazioak egingo ditugula turismo-monolaborantza horren aurka, eta modu koordinatuan egingo dugula, lelo komun bati jarraiki. Europa hegoaldeak turistifikazioaren aurka duen ahotsa kontinente osoan eta haratago entzungo da, planeta suntsitzen duen su turistikoarekin amaitzeko, eta ustiatzen dituen lurraldeen ezinbesteko eraldaketa sozioekonomikoa behingoz hasteko.

Turistiikazioaren aurkako kolektiboak: Bilbo, Kanariar uharteak, Kantabria, Donostia, Eivissa, Iruñea, Genoa, Lisboa, Mallorca, Milan, Napoli, Palermo, Pirinioak, Valentzia, Venezuela eta Bartzelona

Europa Hegoaldeko Turistizazioaren Aurkako (SET) Topaketa 2025

LURRALDE TURISTIZATUEN ERALDAKETA SOZIOEKONOMIKOAREN ALDE

Bartzelona, apirilaren 25, 26 eta 27a

Urte batzuetan aurrez aurre egon gabe egon ondoren, apirilaren 25, 26 eta 27an SET saretik (Europa hegoaldea, Turistizazioaren aurka) jardunaldi hauek egingo ditugu Bartzelonan, mundu guztiari zabalik. Bertan, turistizazio-prozesuen hainbat alderdi jorratuko ditugu, eta landuko ditugu modu berriak arrazoiketaren eta mobilizazioaren bidez honi aurre egiteko.

Urteak dira Europa hegoaldeko turismoaren aurkako mugimenduak SET sarean antolatu ginela, analisiak eta estrategiak trukatu eta partekatzen ditugula eta modu koordinatuan mobilizatzen garela (adibidez, Turismoaren Munduko Eguna dela eta).

Joan den udan Kanarietan, Mallorcan, Kantabrian edo Bartzelonan, besteak beste, izandako mobilizazio jendetsuen kapital politikoa eta mobilizazioak bildu nahi ditugu, arrazoiak eta ondorioak aztertu, Europa hegoaldeko lurraldeek turistizazioaren aurka duten ahotsa sendotzeko sarea indartu, hori guztia Bartzelonako auzoetako jendearekin partekatu eta forma berri eta indartsuagoak sortu.

Programak biltzen ditu mahai-inguru bat, tailerrak mobilizazio-modu berriei, turismo-sektorearen distrakzio-estrategiei, mugikortasunari, etxebizitzari, lanari eta ingurumen-krisiari buruz, eta desazkunde turistikoari eta lurralde turistizatuetako produkzio-birmoldaketari buruzko hausnarketa-gunea. Jardunaldiak mobilizazio sinboliko batekin itxiko ditugu.

Dagoeneko baieztatuta daukagu etorriko direla honako lurraldeetako kideak: Bilbo (Bihotzean eta SOS Alde Zaharra), Canarias (Asamblea por la Distribución de la Riqueza), Cantabria (Cantabria No Se Vende), Donostia (Bizilagunekin), Ibiza (Camviem el rumb),  Iruñea (AZ Sare Komunitarioa), Lisboa (Morar em Lisboa), Mallorca (Menys Turisme Mès Vida), Marseille (XR Marseille), Napoli (SET Napoli), Palermo (APRO), Venezia (OCIO), Pirineoak (Pirineu Viu), Bartzelona (ABDT).

Parte hartu nahi baduzu, hemen eman dezakezu izena.

PROGRAMA

Apirilak 25, ostirala
16:30ean Irekiera, izen-emateak eta aurkezpena
17:00 Mugimenduei buruzko mahai-ingurua, 6 lurraldetako ordezkariekin
18.30 Tailerra: Turistizazioaren aurkako mobilizazio modu berriak, Soluèvements de la Terre taldearekin

Apirilak 26, larunbata
9.30 Irekiera eta izen-emateak
10:00 Aurkezpena
10.10h Tailerrak:
Etxebizitza vs. turismo-ostatua
Mugikortasuna lurralde turistizatuetan: eskala globala eta tokikoa, Zeroportekin eta Stop Crucerosekin
12.15 Tailerrak:
Krisi ekologikoa eta turistizazioa
Proturismoen distrakzio-estrategia ‘berrien’ aurka
Turismo-sektoreko lan-borrokarako estrategiak, Kellys Catalunyarekin eta Fronte Komunarekin
14h Bazkari herrikoi beganoa
16:00 Osoko bilkura: goizeko tailerretatik itzulera eta emaitzen eztabaida
17.30h Gune unitarioa: Turismoa murrizteko eta trantsizio ekosozialeko testuinguruan ekoizpena birmoldatzeko neurriak, Coòpolisekin
20h Jolasgunea

Apirilak 27, igandea
12h Mobilizazio sinbolikoa