Azken urteetan sustatu den turismo ereduak dakartzan arazoen inguruko autokritikarik egin ez dela uste du Asier Basurto Arrutik, Bizilagunekin plataformako kideak, eta etorkizun hobea sortzeko hausnarketa kolektibo baten beharra azpimarratu du.
2020/12/22 Iñaut Gonzalez de Matauko Rada
Turismoak indar handia hartu du Donostian. Pandemian joan-etorriak murrizteak nolako aldaketak ekarri ditu?
Inork espero gabeko egoera honetan aurkitu gara 2020an sartu eta gutxira. Hainbat mailatan aztertu daiteke pandemiak baldintzatu duen testuingurua, baina turismoaren gaira etorrita, lehenik eta behin, mundu mailako analisi bat egin behar dela uste dut.
Egoera garbia da: mundu mailako joan-etorriak guztiz geratu ziren bi hilabetez, eta hortik aurrera minimo historikoetan egon da. Horrek ekarri du turismoari bideratutako negozioak oso murriztuta egotea; azken urteetan turismoa diru iturri nagusi bihurtu duten eskualde eta herrialdeak oso gaizki ari dira pasatzen. Egoera honek ekonomia, politika eta bizitza soziala baldintzatu ditu.
Nola aldatu da ba ekonomia?
Turismoa munduko negoziorik garrantzitsuenetariko bat da, eta hamaika adar dituen zuhaitz bat da sektore hau. Bestalde, espekulazio handiko sektorea da, eta ez daukan diru bat gastatu du azken urteetan, etorkizuneko diru sarreren baitan egiten baitira inbertsioak. Espekulazio horrek leku gutxi uzten die aurreikusi gabeko egoerei, eta sektorea guztiz geratu den honetan guztiz zorpetuta daude esfera askotako enpresa gehienak. Donostiaren kasuan, ireki berri diren edo irekitzear zeuden negozioek atzera egin behar izan dute, eta azkenean gehien sufritzen duten pertsonak langileak edo saltoki txikiak dituzten pertsonak dira.
Eta politika?
Lehen zegoena salbatzera mugatu dira politika publikoak. Ez da hausnarketa autokritiko kolektiborik izan, eta urteetan zehar sustatu duten turismo eredu honek dituen arriskuak ez dituzte bere egin. Gertatu zaigunak zalantzan jartzen du egun dugun turismo eredua, eta ez dira ondorio horretara iristen.
Politika publikoak turismoaren sektoreko agente mota asko pairatzen ari diren eta pairatuko dituzten larritasunak salbatzera bideratzen ari dira, enpresa handienak, batik bat.
Alor soziala ere aipatu duzu.
Espazio publikoaren erabilerarekiko dugun ikuspegia guztiz aldatu da hilabeteotan. Urte hauetan nabaritu da sektore turistikoari bideraturiko espazioei beste erabilera bat eman zaiela, eta nahitaez kontsumorik ez dakarkiten helburuekin erabiltzen ari dira hilda zeuden espazio batzuk.
Auzokideekin dugun bizikidetza, kalean harremantzeko dugun era eta gaueko bizitza guztiz aldatu dira, esaterako.
Beste ondoriorik atera duzue?
Gure hiria beste modu batean erabili dugu urte honetan. Turismoari eta turistei zuzendutako jarduerarik gabeko urtea izan da, eta menpekotasun horren ausentzia, neurri batean, nabaritu egin da azken hilabeteetan Donostiako kaleetan.
https://irutxulo.hitza.eus/2020/12/22/turismo-ereduaren-inguruko-autokritikarik-ez-da-egin/