Etxeak bizitzeko manifestazioa (M22) – Amaierako testua

Etxeak bizitzeko direla aldarrikatzeko elkartu gara gaur hemen. Nazkatuta gaudelako herritarren oinarrizko eskubide batekin negozioa egitea babesten duten politikekin.

Donostian etxebizitza larrialdia bizi dugu. Ez da arazo berria, baina denbora pasa ahala, konpontzera bideratu ordez okerrera egiten ari da.

Espekulazioaren atzaparrek pertsonak estutzen dituzte; eskubideen eta duintasunaren gainetik pasatzen dira eguna joan eta eguna etorri. Hiriko arazo sozial nagusietakoa, diru gehien mugitzen duen negozioetako bat da, aldi berean.

Ez da onargarria eta ez gaude onartzeko prest. Bestelako etxebizitza-politika bat ezartzea urjentea da eta lehentasunezkoa da. Agintari publikoek espekulazioarekin eta bizilagunen oinarrizko beharrekin negozio egiten dutenen alde gobernatzeari utzi behar diote.

Etxebizitzaren prezioak eta, bereziki, alokairuarenak gora eta gora egiten du. Batezbeste 90 metroko pisuak 460.000€ balio du erosteko. Eta alokairuan berriz, 90 metroko pisuagatik 1300€ baino gehiago eskatzen dute hilabetean. Batez beste!

Funts putreak heldu dira eraikin osoen jabe egin eta bizilagunak kanporatzera. Azora Grosen eta Amaran, Blackstone Benta Berrin, Sareb Egian… Eskrupulorik gabe gure bizilagunen aurka aberastu nahi dute. Ez diegu utziko! Elkartasunarekin erantzungo diegu.

Behar gorrian dauden pertsonak babesgabe daude. Ehundaka dira kalean bizi diren pertsonak. Erakunde publikoetatik ez da nahikoa egiten egoera tamalgarri eta lotsagarri honi behar bezalako erantzuna emateko. Ez dugu onartzen aberatsez harrotzen den eta miseriari ez-ikusiarena egiten dion eredua!

Belaunaldi oso batek hiritik joatera behartua ikusi du bere burua. Jaio eta bizi izan diren auzoetatik kanporatuak dira gazte donostiarrak. Auzo horietako harremanak, bizilagunen arteko sareak eta nortasuna desegiten du honek pixkanaka.

Turistifikazioak hotel eta pisu-turistiko bihurtu ditu bizitzeko behar ditugun etxeak. Ukatu egiten dute turismo-ereduaren eta etxebizitza larrialdiaren arteko lotura eta egunero egiten digute propaganda, esanez aberastasuna ekartzen duela. Norentzako ordea? Desazkunde turistikoa ezinbestekoa da Donostia orekatua eta bizigarria eraikitzeko.

Hauek ez dira arazo indibidualak edo pertsonalak. Hiri osoaren, gizarte osoaren, arazoak dira. Hirian elitizazioa, gazteriaren kanporatzea, espekulatzaileen botere pilaketa eta auzo-komunitateen desegitea gertatzen ari da.

Gaur hainbat mugimendu sozialek eta auzo-elkartek deituta ehundaka herritar elkartu gara. Izan dadila herritar-aktibazio aldi baten hasiera gaurkoa. Jokoan dagoena gure bizitzak eta gure ingurukoenak baldintzatuko dituen hiri-eredua da.

Ez dezagun onartu espekulatzailerik ezta espekulazioaren aldeko diskurtsorik. Zaindu dezagun elkar, gure buruak, gure bizilagunak, gure auzoak… Antolatu gaitezen gure bizitzak gure eskuetan hartzeko eta hiria saldu eta erosi nahi dutenak geldiarazteko.

ETXEAK BIZITZEKO, EZ NEGOZIORAKO! DONOSTIA EZ DAGO SALGAI!  

Abaraska Etxebizitza Kooperatiboa – Amara Bai Auzo Elkartea – BiziLagunEkin Plataforma – BLP Red Vecinal de Bidebieta – Donostiako Okupazio Bulegoa – Donostialdeko Maizterren Sindikatua – Egia 22 Asanblada – Egia Bizirik Auzo Elkartea – Groseko Hondarpe Auzo Elkartea – Heriz Plataforma – Infernua Bizirik – Inquilinos de Azora – IZBE Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkartea – Kaleratzeak Stop Desahucios Donostialdea – Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea – Saretxe