HOTELAK STOP. TURISTIFIKAZIOA GELDITU.

Gaur egun bizi dugun egoera ikusita, BiziLagunEkin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak hainbat gai mahaigaineratu nahi ditu ekintza aldarrikatzaileen bidez.

BATETIK, Donostian azken urteetan hotelen ugaritze neurrigabea eman dela salatu nahi dugu. Azken bost urteetan 35 hotel baino gehiagoren lizentziak onartu edota zabaldu dira hirian. Bereziki deigarria da hiriaren Erdialdean baimendutakoen zerrenda luzea eta auzo turistifikatuenetan (Parte Zaharra, Gros) bide horretatik jarraitzea. Azpimarratzekoa da Gipuzkoako Gotzaindegiak eta bestelako kongregazio erlijiosoak jokatzen ari diren papera. Bere jabetzekin espekulatzen eta hiriaren turistifikazioaren aldeko indar boteretsu gisa dihardute.

BIGARRENIK, COVID-19aren larrialdiak gizartean eragindako astinduak, besteak beste, Donostiako hiri ereduaz hausnartu eta aldaketak emateko beharra azaleratu du. Orain dugu aukera norabide okerrak zuzentzeko.

  • Hotel berriak eraikitzeko baimenak emateari utzi, lanetan dauden hotelen eraikuntzak beste erabilera batzuetara bideratu eta epe-luzera, negozioek itxi ahala, hirian eskaintzen diren ohe kopurua murriztu behar da.
  • Etxebizitza larrialdia bizi dugu. Heldu den krisi ekonomikoak espekulazioak puztutako alokairu eta hipotekak ordaintzeko ezintasunean utz ditzake milaka donostiar. Gainera, etxe beharrean dauden herritarrak beren hiritik kanporatzea etengabea da. Gaia lehen lerrora ekarri eta arazoari behingoz buelta emateko neurri ausartak hartzeko unea da.
  • Hiriaren ekonomia turismo jardueran oinarritzea ez da zentzuzkoa. Nazioarteko mugikortasunak eta kanpo faktoreek hainbeste baldintzatzen duten jarduera hau, balio erantsi eskasekoa da. Beste jarduera ekonomiko batzuk indartuz saihestu behar da monolaborantza turistikoa.
  • Kalitatezko enplegua sortzeko gai diren tokiko beharrizanetara loturiko sektoreak indartzeko aukera irekitzen zaigu orain. Ezinbestekoa da langileak alor alternatiboetan birkokatzeko formakuntzan inbertitzea. Turismoaren desazkunderako bide hau hartu ezean kaleratzeen zerrenda handitu baino ez da egingo.     
  • Eztabaida zabaltzeko unea da. Turismo-ereduari dagokionez norabide posible bakarra etengabeko hazkundea denaren ideia baztertu eta donostiar ororen bizitzan hainbesteko eragina duen jardueraren inguruan guztiok parte hartu eta erabakitzeko moduko eztabaida soziala bideratu behar da.

HIRUGARRENIK, donostiarrei deia zabaldu nahi diegu: hiri honetan bizi garenok bertan ahalik eta ondoen BIZI ahal izateko, asko dago jokoan bizi dugun garaian. Bakoitzaren arazoak eta oztopoak bezala ikusten ditugunak, arazo kolektiboen ondorio dira sarri. Horregatik elkar LAGUNtzea da horiei erantzuteko bide bakarra. Hitz egin dezagun Donostian gertatzen ari denaz, bilatu ditzagun donostiarrok behar ditugun irtenbideak eta EKIN dezagun batera turistifikazioaren aurka eta desazkunde turistikoaren alde.

https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20200901/donostiak-pairatzen-duen-turistifikazioa-salatu-du-bizilagunekin-ekimenak

https://irutxulo.hitza.eus/2020/09/01/donostiaren-turistifikazioa-salatzeko-aldarrikapen-ekintza-egin-du-bizilagunekin-plataformak

https://www.donostitik.com/bizilagunekin-denuncia-la-desproporcionada-proliferacion-de-hoteles-en-donostia/