Donostiako Udal Gobernuak hasierako onarpena eman dio ostatu erabilerei buruzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketari eta hurrengo Udal Batzarrera eramango du behin-betiko onarpenaren erabakia. Aldaketa honekin ostatu eta establezimendu turistikoen (hotelak, pentsioak, apartamentu turistikoak, aterpetxeak, erabilera turistikoko etxebizitzak, erabilera turistikoko etxebizitzetako gelak, etab.) ezarpenari buruz urtebetez indarrean egon den moratoria beste bi urtez luzatuko du. Moratoria hori, saldu nahi izan denaren kontra, salbuespenez betea eta urria da. Erabaki antzua da, azken urteotan turistifikazioari eman zaion bultzada kontuan hartuta, sortutako kalteak leheneratzeko.
Plan Orokorrean txertatutako aldaketaren ostean, ostatu eta establezimendu berriak ireki daitezke Aiete / Miramon, Altza, Amara, Amara Berri, Añorga, Bidebieta, Egia, Igeldo, Intxaurrondo, Loiola, Martutene, Morlans, Loiolako Erribera, Txomin-Enea eta Zubietan bizitegi lurzati gisa izendatuta ez dauden eremuetan. Eta zirrikitu legalak utzi dituzte bizitegi eremuetan ere lizentziak baimentzeko.
Horrez gain, ondare arkitektoniko bezala katalogatutako eraikinak ostatu bihurtu ahal izango dira Udalak hala erabakitzen badu.
Aurrekoa gutxi balitz, lurzoru urbanizaezinean kanpinak, nekazalturismoak eta landetxeak zabaltzeko aukerak ere ohiko baldintzetan baimenduko ditu Udalak.
Bizilagunekin plataformatik presazkoa eta garrantzitsua iruditzen zaigu Donostia desazkunde turistikorantz bideratzeko trantsizioa abian jartzea. Ezinbestean hiri eredua aldatu behar da, donostiarrontzat bizigarria izango den baldintzetara eramango gaituzten neurri eraginkorrak hartuz.
- Hirian hotel eta ostatu berriak zabaltzeko aukera oro itxi behar da. Turistifikazioaren arazoa hiriko zonalde zehatzera mugatua balitz bezala tratatzea arazoa areagotzea da. Hirian eskaintzen diren ostatu-plazak murrizteko prozesu planifikatua martxan jarri behar da.
- Ondare arkitektonikoaren zaintzarako neurri bezala eraikin katalogatuak turismora bideratzea kontraesankorra da, besteak beste azken urteetan Nobu hotelaren eta Catalonia hotelaren eraikuntzan hiriko ondareari jakinaren gainean egindako kalteak gertatu izan direla ikusita.
- Etxebizitza larrialdia bizi duen hirian erabilera turistikoko etxebizitzekin amaitzeko urratsak eman behar dira. Lizentzia murrizkorra eta iragankorra ezarri behar da trantsizio-neurri gisa, pisu turistikorik gabeko hiria izatera pasatzeko lehenbailehen.
- Neurri solte, partzial eta estetikoetan oinarritutako politikekin amaitu behar da. Azken ikerketek erakutsi bezala, donostiarrak turistifikazioaren kezkatuta, zapuztuta eta erakundeetan konfiantza galduta daude. Arazoaren tamaina eta hedadura ezkutatzeari utzi eta hiri mailako elkarrizketa zabala bideratu behar da, hiri-eredu bizigarri baterantz bidea hartzeko.
- Desazkunde turistikorantz neurriak atzeratzen diren heinean atzeraezinezko kalteak eragiten ari da turistifikazioa Donostian. Egoera honekin aberasten ari direnen boterea eta presioari donostiarron antolakuntza eta batasunarekin erantzungo diogu.