EKIMENAK
Gu ez gara turistak gure hirian
Asier Basurto (Hordago – El Salto)
Donostian turismoaren jarduera, gutxi batzuen mesedetan eta gehiengoaren kaltetan garatu izan da. Donostiarroi onura eta aberastasuna ekartzen digula sinetsarazi digute, baina, datuek beste errealitate bat aurkezten dute.
Legeak eta arauak komenentziara egokituz, hiriak alfonbra gorria luzatu dio turismoa “diru erraza” dela otu zaion horri. Herritarrok, aldiz, gure hiria eta gure bizimoduetan aldaketak, ondorioak eta kalteak sumatzen ditugu turismo masiboaren ondorioz.
Hiria enpresa bat balitz bezala kudeatzen da. Munduko hirien “merkatuan” lehiatu nahi da, Donostia (eta Basque Country) markarekin. Marka horri ezaugarri zehatz batzuk emateko moldatu nahi da hiria eta honek gure auzoak, gure bizi-baldintzak eta gure bizimodua moldatzea dakar sarritan. Etekin ekonomiko zuzena sortzen ez duen guztia baztertzen da eta bizia eta bereizgarria dena folklorizatu, ikono bihurtu eta salgai eskaini nahi da.
Turismoak hiria inbertsoreen morroi bihurtzen du. Inbertsio publikoen norabidea higiezinetan inbertitzen dutenek, kapital finantzarioak, eta erakarri nahi izan diren enpresa transnazionalek erabakitzen dute, eta baita errentaren egitura eta banaketa baldintzatu ere.
Turismoak dakarren lana lan prekarioa da. Turismoaren zerbitzura dauden aktibitate ekonomiko berriak hiriaren egitura produktiboa eraldatzen ari dira. Gertuko komertzioa suntsitzen ari da, souvenir eta modako multinazionalek ordezkatu dute. Zerbitzuen azpikontratazioa nagusitu da flexibilitatearen eta kostuen gutxitzearen mesedetan. Eta une berean, aldi baterako lan kontratuak edo kontraturik gabeko lana, kobratu gabeko lanaldiak, esklabutza soldatak, hots, prekarietatea. Langilego ikusezina, eta batez ere, emakumezkoek osatua.
Turista bat gehiago, bizilagun bat gutxiago. Turismoaren industriak etxebizitzen prezioa neurri gabe igotzen du, baita alokairuak ere. Hotel eta apartamentu turistikoak (AirBnB eta bestelakoak) bertan bizitzeko etxebizitzak ordezkatzen ari dira, bizilagunak auzoetatik kanporatuz. Aisialdiko zerbitzuen prezioak ez ezik, premiazko edo eguneroko gaien prezioek ere gora egiten dute. Inguruko herrietara kaleratuak diren donostiarren errealitatea hazten ari da. Eta gurpildun maletek erosketa gurdiak ordezkatu dituzte.
Espazio publikoa kontsumorako moldatzen da. Jarduera komunitarioak, “kontratuzko harremanik gabe” edo kontsumoa eragin gabe espazio publikoan garatzeko zailtasunak gero eta handiagoak dira. Turismo handieneko garai eta lekuetan, berriz, erraztasun handiak ematen dira hiri osoa zentro komertzial bihurtzeko.
Turismoak homogeneizatu egiten gaitu. Inbertitzaileak eta turismoa erakartzeko gure kultura eta ezaugarrien berezitasuna baliatzen da. Baina aldi berean, horrek dakar merkatu globalean nagusi diren multinazionalak eta kapital fondoak hirian masiboki sartzea. Sarrera honek eta bertako biztanleriaren kaleratzeak tokian tokiko komunitate-sareak desegin eta kultura eta identitateak homogeneizatzeko joera du: saltoki berdinak hemen eta Berlinen, kultur eskaintza estandarizatua eta bisitariei begirakoa, bisitarien hizkuntzei bertakoari baino toki gehiago egitea…
Guzti honek kezkatuta gauzka. Donostiarrak gara, hiri honetako bizilagunak. Hirian indarrean dagoen turismo ereduak kezkatzen gaituzten pertsonak elkartzen dituen plataforma osatu dugu. Donostian turismo ereduaren inguruan eztabaida zintzoa, gardena eta irekia eragin nahi dugu. Eta donostiarron bizi-baldintzak hirian garatzen diren estrategia eta jarduera ekonomiko orotan lehentasuna eman beharreko elementu bezala aldarrikatzen ditugu.
Ez daukagu ezer bere oporraldietan Donostia bisitatzen duten pertsonen aurka. Gaur egun indarrean dagoen turismo ereduak herritarrengan sortzen dituen eraginek kezkatzen gaituzte: etxebizitzan, lan-badintzetan, auzo-harremanetan, komertzio txikian, paisaia linguistikoan… Arazo hauek turisten ardura baino gehiago, gaur egungo turismo eredua diseinatu eta muga-gabe sustatzen dutenen ardura dira: bertako eta nazioarteko zenbait inbertsore eta hauei ate guztiak zabaltzen dizkieten arduradun instituzionalak.
Kezka guzti hauen aurrean, gure babes bakarra bizilagunekin bat egitea da. Gure BIZItzak defendatzea, donostiarron artean LAGUNtzea eta itxoiten geratu beharrean EKINtzara pasatzea. Maiatzaren amaieran Munduko Turismo Erakundeak Donostian egingo du bere bilera exekutiboa. Hainbat eragile sozialek beren aldarrikapenak kaleratuko ditugu egun horietan. Eta turismo ereduaren ondorioekin kezkatuta gaudenok bertan bizi garela eta bertan bizi nahi dugula ozen aldarrikatzeko baliatuko dugu.
https://www.elsaltodiario.com/turismo/gu-ez-gara-turistak-gure-hirian-donostia
Turistifikazioaren aurrean dauden Europa Hegoaldeko hirien SET sarea
Sorrera manifestua
Europa Hegoaldeko hainbat hiritan salaketa, mobilizazio eta erresistentzia ekimen andana ikusten eta bizitzen ari gara egun, bertan jazotzen ari diren turistifikazio prozesuei aurre egin asmoz. Bertako (Venezia, Valentzia, Sevilla, Iruñea, Palma, Lisboa, Malaga, Malta, Madril, Girona, Kanariar Uharteak, Donostia, Camp de Tarragona, Bartzelona) hainbat eragile eta kolektibok topo egin dugu urte t’erditik hona burututako ekimen mordoan esperientziak eta ezagutzak elkarrekin partekatu eta trukatzeko xedearekin.

Hiri hauetako bakoitzak gatazka berezituak baditu ere, badira batzuk komunak direnak:
- Garrantzitsuena eta hedatuena honetan datza: prekarizazioaren hedatzea eta etxebizitza eskubidearen murriztea, bereziki etxebizitza lortzea eta alokairuen prezioen garestitzeari dagokionez. Hau guztia Estatuetako legediek onartzen dute eta zuzenean eragiten die jendarteko sektore helduenei eta gaitasun ekonomiko urriena dutenei. Honek guztiak oinarria du 2008/2012 arteko krisi finantzarioa delakoan, espekulazio inmobiliario zikloa hastea eragin zuena; Inbertsio funtsek eta inmobiliariek etxe mordoa erosteari ekin zioten eta erabilera turistikorako bideratu zituzten. Erabilera honen ondorioz, etxe hauek bizileku izateari utzi eta gentrifikazioa, etxe-kaleratzeak eta auzoen hustutzea gertatu zen, eskubide sozialak nabarmen urratuz.
- Bertako komertzioaren garestitzea eta eraldatzea tokiko bizilagunen egunerokotasunerako antzuak diren erabilera turistikoetan espezializatuz. Hori dela eta, bertakoak joan- etorri luzeagoak egitera behartuta daude, eta eragin zuzena du mugikortasun gaitasuna murriztuta dutenengan edota helduenengan.
- Kale eta plazen masifikazioa. Honek, bertakoen eguneroko bizimoduan kalteak eragiten ditu; bai atsedenari dagokionez, bai espazio publikoaren erabilerari dagokionez.
- Garraio publikoko sarearen saturazioa.
- Hirietako ekonomiaren espezializazioa sektore turistikoari begira; sektore nagusi eta bakar bilakatzeko joera duena.
- Bertakoen lan-baldintzen prekarizazioa. Sektore turistikoko lanbideek (ostalaritza, jatetxe-arloa, komertzioa) lan-baldintza okerrenak pairatzen dituztenak dira: soldata baxuak, kontratuetan (egon baldin badaude), aitortutako orduetan iruzurra, azpikontratatzeak, etab.
- Kutsadura (hegazkinak, gurutzaontziak, automobilak…) eta hondakin kopuru handia sortzea, kontsumo maila altuaren ondorioz; bereziki arautu-gabeko industria turistikoa ezaugarritzen duen “erabili eta bota” kontsumo mota. Tokiko baliabideen – ura eta lurraldea – erabilera masiboa eta ingurumen osasuntsu batetarako eskubidearen ukatzea.
- Azpiegituren etengabeko handitzea eta neurrigabeko erabilera (errepideak, portuak, aireportuak, araztegiak, gatzgabetze-instalazioak…). Hauek lurraldearen desitxuratzea dakarte, baita desjabetzeak eta bertakoentzat kostu handiak ere. Horrelako prozesuek sarbideak saturatzen dituzte eta lurraldea eskuratzeko lehiaketa eragiten dute, oinarrizko aktibitate eta zerbitzu oinarrizkoak galtzaile ateratzen direlarik: enplegua, ikastetxeak, ospitaleak, etab.
- Inguru urbano eta naturalen ezereztea, parke tematiko bilakatu dituztelako. Inguru urbanoan ondarearen espoliazioa eta merkantilizazioa nabari da; inguru naturaletan, berriz, arrantzarako eta abeltzantza zein nekazaritzarako erabileraren desagertzea. Helburua bietan, mugagabeko ustiapen turistikoa da.
Arestian aipatutako eta bestelako talken aurrean, turismoa jasaten ari diren hirietako biztanleok, geure burua antolatzen ari gara geure eskubide sozialen defentsan, bereziki etxebizitza duin eta eskuragarri baten eskubidearen eta hirirako eskubidearen alde. Geure hiri eta lurraldeetan burutzen dugun lan kolektiboaren abiapuntua, askotan, talka hauek agerian uztea da; baita gaiaren inguruko kontzientziazioa, ereduarekiko kritika eta honen ondorioen salatzea ere; hurrengo pausoa dagoen ereduarekiko alternatiben garapena da.
Azken hauen adibide gisa aipa ditzakegu industria turistikoari mugak ezartzea, etxebizitzarentzako eta ostatuentzako bereizitako politika fiskalak onartzea, hiriko ekonomiaren desturistizatzea, edo bestelako ekonomia justuen garapena – sozialki eta ingurumenari dagokionez – deshazkunde turistikoari loturik.
Arazo hauek guztiek hirietan duten eragina ez da homogeneoa, anitza baizik; jasaten duten turistifikazio mailaren araberakoa. Hortaz, Venezia, Palma edo Bartzelonakoen gisako egoera larriagoak ikus ditzakegu, non bertako mugimenduek eredu aldaketarako proposamenak garatu dituzten nahitaez; badira bestelako egoera batzuk, Valentzia, Madril edo Lisboa kasu, non abiadura handiko turistizazio prozesu bortitzetan murgilduta badaude ere, oraindik baduten aukera prebentzio eta moteltze edo ahultze politiken bitartez, nolabaiteko oreka lortzeko.
Gai hauetan, beste askotan bezala, aipatu hiriek eta beste batzuk antzekotasunak topatu ditugu elkarren artean, eta ondorioztatu dugu komenigarria eta beharrezkoa dela industria turistikoak kaltetutako hirien nazioarteko sarea sortzea.
Kolektibo eta herri mugimenduen aliantza honen xedea da iritzi publikoa sentsibilizatzea eta administrazioak presionatzea turismoaren ekonomia arautzeko ekonomikoki, sozialki eta ingurumenarekiko jasangarritasun irizpideen arabera. Geure helburua elkarrekiko babesa garatu eta bata besteagandik ikasteaz gain, borroka hau beste hiri eta lurraldeetara hedatzea da; horrela Europako Hegoaldetik datorren eta egungo ereduarekiko kritika irmoa egiten duena ahots anitza sortuko dugu. Honako manifestu hau lehen pausoa besterik ez da hiri eta lurraldeen turistizazioaren kontrako borrokaren internazionalizazioan; bitartean, lanean darraigu eztabaidatzen, hausnartzen eta elkarrekin mobilizatzen.
Aurkezpena eta hitzaldi zikloa
2018ko apirilaren 4ean BiziLagunEkin plataformak bere burua aurkeztu zuen publikoki. Plataformaren ezaugarriak eta helburuak azaltzeaz gain, hurrengo asteetarako egitarau zabala eta maiatzaren 25erako manifestazio deialdia egin zen.
