Munduko Turismo Erakundeak eta Basque Culinary Centerrek, bertako erakunde publikoen babesa eta finantzazioarekin berriz ere antolatu dute Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa Kursaal Jauregian. Bertara eraman dugu Donostiaren turistifikazioaren aurkako mezua, adierazteko ez dugula onartzen gutxi batzuen negozioen mesedetan gehiengoaren bizitzak kaltetzea.
Turistifikazioaren testuinguruan, turismoa erakartzeko abian jartzen diren dinamikek arriskuan jartzen dituzte erakargarritzat baliatzen diren elementu naturalak eta kulturalak. Kontrolik gabeko turismo jarduerak arriskuan jartzen du saldu nahi duen hori bera. Hamaika adibide aurkitu ditzakegu mundu osoan zehar.
Nazioartean arreta deitzen duen euskal sukaldaritza, gizarte honen ezaugarri kultural bat da, bere garapena ahalbidetu duten baldintza sozial eta naturalen emaitza. Donostiaren eta bere inguruko lurraldearen turistifikazioa arriskuan jartzen ari da, hain zuzen ere, hiri eta herrietako sare komunitarioak eta ingurune naturala. Sukaldaritzarena da turistifikatzaileek euskal marka munduan saltzeko hautatu duten elementu nagusia eta hori izan daiteke kultur ezaugarri bereizgarri baten galbidea.
Munduko Turismo Erakundea erakunde publikoak turismo industriaren lobbyen esanetara jartzeko erakunde bat da. Bere jardueran estatu antidemokratikoen zuriketa dakarten jarduerak ohikoak dira, besteak beste. Eta diruaren hotsaren arabera mugitzen dira batetik bestera, gehien eskaintzen duenarengana hurbilduz, Donostiara etortzean egin bezala. Gainera, turismo masiboaren ondorioak munduko lurralde askotan gero eta larriagoak direlarik, horiei aurre egiteko borondate eta gaitasunik gabeko erakundea dela erakutsi du aspaldian.
Foroaren beste antolatzailea, Basque Culinary Center, ezagutza eta berrikuntza gunez mozorrotutako promozio erakunde bat da. Marka pribatuen sustapena eta inbertsore nahiz turisten erakartzea lortzeko eragile bat da. Une hauetan, ezin aipatu gabe utzi Gros auzoko berdegune bakanetako arriskuan dagoela, erakunde publikoek eta BCCk adostutako GOe proiektua hondartzatik metro gutxira kokatzea ezinbesteko ikusi dutelako. 24 miloi euroko finantzazio publikoa eta lursailaren lagapena gutxi balira, auzotarren aurkakotasunari erakutsitako mespretxuak mozorro oro kendu die. Beste operazio turistifikatzaile baten aurrean gaude. Hiri-eredu toxiko honen dinamikan sakontzen jarraitzen dugu.
Ez dugu onartzen. Ez gara geldirik eta isilik egongo. Desazkunde turistikoaren norabidea hartu behar du Donostiak, donostiarron bizi baldintzak duinak bermatu nahi baldin badira. Zentzu horretan donostiarroi dei egoten diegu turistifikazioaren aurka antolatzen jarraitzera eta urriaren 22an eguerdiko 12etan Alderdi Ederretik aterako den manifestazioan parte hartzera.
TURISTIFIKAZIOA STOP! DESAZKUNDE TURISTIKOA!
Iruzkin bat “Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa kanpora! Turistifikazioa Stop!” sarreran
Iruzkinak itxiak daude.