Donostian pisu turistikoen arazoari erantzuteko proposamenak aurkeztu ditu Bizilagunekin plataformak Eusko Legebiltzarrean

  • Pisu turistikoen hedapenak hiriak bizi duen etxebizitza larrialdiarekin lotura estua duela adierazi du.
  • Pisu turistikoei gehienez ere 4 urtera arte luzatuko den lizentzia murrizkorra eta iraungikorra ezartzea proposatu du.
  • Etxebizitzaren arazoa konpontzeko pisu turistikoak mugatu, murriztu eta desagerraraztera helduko den trantsizioaren beharra nabarmendu du.

Bizilagunekin plataformak Eusko Legebiltzarreko Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Batzordean agerraldia egin du Donostian alokairu turistikoko etxebizitzei lotuta bizi den egoera azaldu eta egoera hori konpontzeko proposamenak aurkezteko.

Batetik, premia larria delako, lehenbailehen hartu beharreko neurri sorta bat jarri du plataformak mahai gainean:

  • Hiri osoan kalteak sortzen dituen arazoa geldiarazteko eraginkortasunik ez duen zonaldeen logika gainditzea.
  • Etxe beharrean dauden milaka donostiarren eta alokairu turistikoarekin neurrigabeko irabaztiak ateratzen dituztenen arteko desoreka murrizteari begira pisu turistikoen jabetza pilaketari mugak ezartzea.
  • Bizitzeko izan behar luketen etxeen ustiaketa sistematikoa eta azpikontratazioa errazten duten pisu turistikoen kudeaketarako enpresen jarduera debekatzea.
  • Pisu ilegalen eta araudien urratzea zigortzeko gaitasuna izango duen ikuskapen zerbitzu publikoa eta baliabidez hornitua sortzea.

Bestetik, desazkunde turistikoaren norabidean eta pisu turistikoak hiritik desagerraz¡razteko mekanismo bezala, bi neurri proposatu ditu plataformak:

  • Ipar Euskal Herrian eta Frantziako hainbat hiritan indarrean dagoen “konpentsazio neurria ezartzea: alokairu turistikoan ezarri nahi den pisu bakoitzeko, merkatura ohiko bizitoki gisa baliatu ahal izateko moduko etxebizitza bat eskaintzeko betebeharra.
  • Lizentzia murrizkorra eta iraungikorra aplikatzea: gehienez lau urtez, urtean egun kopuru zehatz batez (150-100-50-25) jarduera turistikora bideratu ostean jabeari eta etxebizitzari behin betiko jarduera turistikorako baimena agortuko dion lizentzia.

Hotelen eta pisu turistikoen urtebeteko moratoria

Agerraldian, plataformak hainbat aipamen egin ditu Donostiako udalak iragarritako moratoriaren gainean. Lehendabizi, hauteskunde-aurreko estrategien baitan kokatu du neurria:

“Turistifikazioaren makinaria indar betean hirian hedatzeko eta gailentzeko erraztasunak ematen aritu direnek ez dute sinesgarritasunik orain. Arazoa geldiarazteko aukera izan dute azken 8 urteetan eta ez dituzte neurriak hartu. Orain, egoera larria denean eta hauteskundeak datozenean, arduratuta daudela eta soluzioak dakartzatela diote egoeraren erantzule direnek. Badakite donostiarrak kezkatuta eta haserre daudela.”

Gainera, moratoria oso partziala dela azpimarratu du plataformak. Dagoeneko tramitazioan dauden 75 pisu turistiko inguru legez onartu daitezke. Horrez gain, lizentzia onartuta duten 5 hotel proiektuk, gutxienez, aurrera jarraitzen dute (Miren Bihotzakoa edo Arte Ederren antzokikoa, kasu).

Amaitzeko, Bizilagunekin plataformak egonezina adierazi du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berritzeari begira Udal Gobernuak aipatu dituen asmoengatik. Hiriko zenbait zonalderi soilik eragingo lioketen neurrietan oinarritu ordez hiri osorako desazkunde turistikoan oinarrituko den estrategia integral baten alde egin du.

“Turistifikazioa hiriko gune batzuetara eta urteko garai batzuetara mugatutako fenomeno bezala aurkezten saiatzen ari dira aspalditik. Oso interpretazio okerra da. Turistikazioa ez da ematen turistak pasiatzen ibiltzen diren kaleetan soilik, jarduera turistikoaren gehiegizko hazkundeak eragin kaltegarriak dituen gune oro da turistifikazioaren biktima. Gure begietara, Donostia osoan eta hiriko mugetatik haratago eragiten du fenomenoak.”

Gutxienez 3375 gazte joan dira Donostiatik Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko herrietara bizitzera hamar urtean

  • Bizilekuari lotutako gazteen mugikortasuna Gipuzkoan (2010-2020) ikerketan 18 eta 34 urte arteko gazteen bizileku-aldaketa erregistratuak aztertu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.
  • Astigarraga, Errenteria, Hernani eta Pasaia izan dira gazte donostiar gehien jaso dituzten udalerriak.
  • Aztertu diren adierazle sozioekonomikoetatik etxebizitza eskuratzeko aukera da udalerri batek gazteak bereganatzeko arrazoi nagusia.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria Zuzendaritzak gazteen emantzipatzeko zailtasunak hobeto ezagutzeko xedeari begira, udalerrien adin-egitura aldaketen gaineko kezkatik abiatuta ikerketa egin du: https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/gazteria/adierazleak-ikerketak/bizileku-mugikortasuna

Ikerketaren ondorioek erakusten dute lotuta daudela Donostiak azken urteetan bizi duen bilakaera eta gazteak hiritik kanporatzearen artean. 

“Aztertu diren adierazle sozioekonomikoetatik etxebizitza eskuratzeko aukera da udalerri batek gazteak bereganatzeko arrazoi nagusia. Izan ere, etxebizitza-parkearen hazkundea, etxebizitza salerosketaren tasak eta alokairu berrien tasak gora egin duen eremuetan migrazio saldoak gora egiten duela egiaztatu da.”

“Donostiak eta bere inguruak metropolizazio prozesua bizi dute; hiriburuaren eragin-eremua gero eta zabalagoa da.”

“Hiriburuak gazteen harreman indartsua du Bidasoa, Buruntzaldea eta, bereziki, Oarsoaldearekin. Kasu guztietan Donostiatik eskualde horietara joan diren gazteak herri horietatik Donostiara joan direnak baino gehiago izan dira. Buruntzaldearekin harremanean, esaterako, Donostiak 457 gazte galdu ditu: 1.474 gazte joan dira Donostiatik bertara bizitzera eta handik 1.017 jaso ditu. Oarsoaldearen kasuan, berriz, 408 gazte galdu dira: erroldako bajak 1.901 izan dira eta altak 1.493.”

Donostiatik herri bakoitzera joandako gazteen kopurua begiratuta, banan banan zenbaki deigarriak ikusten dira. Batzuetan kopuru absolutua berez altua delako eta besteetan, herriko biztanleriarekiko zati proportzional esanguratsua osatzen dutelako. Errenteria (892), Pasaia (728), Irun (594), Hernani (421), Astigarraga (325), Lasarte-Oria (309), Andoain (181), Oiartzun (134), Urnieta (125), Usurbil (113). Astigarragaren kasuan, bere migrazio-saldoaren erdia baino gehiago zuzenean Donostiatik jasotako gazteek eragindakoa da. Aipatutako kasu hauetan guztietan Donostiatik herri horietara joandako gazteen kopurua kontrako norabidean lekualdatutakoak baino altuagoa da.

Hiri barneko dinamikek ere, hiriaren bilakaerarekin (etxebizitzaren garestitzearekin eta turistifikazioaren ) lotura dutela pentsa daiteke. Izan ere, hiri-erdigunetik gertuen dauden auzoek galdu dituzte bizilagun gazteak: Ibaeta (203 gazte), Gros (181 gazte), Egia (133 gazte), Zentroa (89 gazte), Ategorrieta-Ulia (84 gazte) eta Antiguo (81 gazte). Eta hiriaren kanpoaldeko auzoek, azken urteetan etxebizitza-parkearen hazkundea izan dutenek, jaso dituzte bizilagun gazte berriak: Loiolako Erriberak (221 gazte), Txominenea (156 gazte), Aiete (133 gazte, Morlanseko eremua hartzen du bere barnean) eta Martutene (61 gazte).

Egoeraren larritasun ukaezinaren aurrean Bizilagunekin Plataformatik Donostian lehenbailehen hiri-eredu aldaketaren beharra agerian geratzen dela azpimarratzen dugu. Hiriaren turistifikazioak eta gutxi batzuen negozioak sustatzean oinarritutako hiri-ereduak ekarri dute gero eta donostiar gehiagori ukatzea Donostian bizitzea. Gazteen kanporatzearen fenomeno esanguratsua bizi dugu eta horrek hiriak bere bizigarritasuna eta bere bizia galtzeko prozesua areagotzen du modu kezkagarrian.

Desazkunde turistikorantz norabide estrategikoa hartzeko beharra begi bistakoa da une honetan. Turismoaren hazkundea eta etxebizitza larrialdiari amaiera emateko neurri ausartak eta irmoak hartzeko ordua da. Donostiarren bizitzak eta bizi-baldintzak erdigunean jarriko dituen hiri-eredurantz urratsak eman behar dira, oreka sozial, ekologiko eta ekonomikoaren bidetik eraikiz Donostiaren etorkizuna.

Hondalea, hondamena

Industria turistikoak diru gehiago nahi du. Ez zaio axola zer suntsitu trukean. Donostiako alkateak iragarri duenez, Santa Klara uhartean Hondalea eskultura sustatzeko bisita gidatuak gehitu nahi ditu. Apirilaren 1a eta 16a bitartean, behar beste turista eraman nahi dituzte uhartera. Horrela, behin udako garaia egonkortuta, Udalak urtean zehar eskaintza zabaltzeko asmoa ere badu, eskaeraren arabera. Egoera horren aurrean, dokumentu hau sinatzen duten lau kolektibook salatu nahi dugu erabaki honen bidez Udalak uhartean bisitak mugatzearen inguruko akordioak apurtzen dituela, eta ohartarazi nahi dugu, beste behin ere, Hondalea instalazioaren bidez uhartean sortutako erabilera turistikoak ondorio kaltegarriak dituela Santa Klarako ingurune ekologiko eta sozialean.

2019an eta 2020an, uharteko itsasargian Hondalea jartzeko esku-hartzearen aurrean, lau kolektibo sinatzaileok hainbat bilera egin genituen udal gobernuko kideekin, baita eskulturaren sustatzaile den enpresako kideekin ere. Topaketa horien helburua zen uhartean turismo-jardueraren handitzeari mugak jartzea eta azpiegitura honek ekosisteman, biotan, ondare historikoan eta donostiarrok uharteari eman dioten erabileran duen eragin negatiboa murriztea. Hain zuzen, bilera horietan ordutegia, egutegia eta bisitari kopurua mugatzea jarri ziren mahai gainean, baita uharteko bisitei lotutako zerbitzuak eta azpiegiturak murriztea ere.

Egun, bisiten egutegia luzatzearen berriaren aurrean, duela bi urte adostutakoa alde bakarretik hausten dela ikusten dugu. Berriro, uhartera bisitari gehiago etortzearen alde jokatzen da, eta leku gehiago uzten zaio egunero hiriko natur guneak mehatxatzen dituen dinamika turistifikatzaileari.

Uhartea itsas hegaztien etxea da, eta apirilean bertako biztanleek lurrean habia egiten duten garaia da. Astebete habia egiteko, hilabete txitatzeko eta hilabete eta erdi kumeak zaintzeko. Hori guztia 5,4 hektareako lur zatian. Santa Klarak babestutako espezieak ere baditu, hala nola Frankenia Leavis izeneko txilarra, Uharteko Sugandila (Podarcis liolepis), Ubarroi mottoduna (Phalacrocorax aristotelis), kaio Iluna (Larus fuscus) eta Kaio Atlantikoa (Larus marinus). Gainera, kaio hankahorien kolonia handi bat (Larus michahellis) enklabe horretan bizi eta ugaltzen da.

Sustatzaileen esanetan, uharteko itsasargian kokatutako Cristina Iglesiasen Hondalea “arrazoi ekologikoen defentsaren eta ingurumenaren kontserbazioaren sinbolo da”. Errealitatetik urrun, eskuhartze artistikoa Santa Klarako ekosisteman historikoki eragina izan duten mehatxuen zerrendara gehitu dezakegu. Era berean, instalazioa diskriminatzailea da eta mugikortasun mugatuta duten pertsonentzako irisgarritasun-legea urratzen du. Gainera, salbamendu-azpiegitura berriak beharko ditu osasun-larrialdiei erantzuteko, uda-denboraldi ofizialetik kanpo irekiz gero.

Uharteko ekosisteman izandako eragin negatiboez haratago, Hondalea bere baitan eskala handian Donostiako makinaria turistikoari begirako operazio bat da, negozio turistikoak mugitzen dituen interes pribatuak asetzeko. Engranaje bat gehiago, itsasargiko eskultura erakargarritasun turistiko berri bat bihurtu, turistifikazio prozesuek gero eta nabarmenago auzokideen bizitza prekarizatzen duten hirian.

Hasiera batean, Hondalea Cristina Iglesiasek Donostiarrei egindako opari gisa iragarri bazen ere, 1,5 milioi euroko hasierako aurrekontuarekin abiatu zen. Aurrekontu hori pixkanaka 5 milioi euro publikoetara iritsi zen, Donostiako zergadunek ordainduta eta, horren ondorioz, fiskaltzak ikerketa bat ireki zuen. Lanaren instalazioa iragarri zenean, sustatzaileek ziurtatu zuten faroko esku-hartzeak ez ziola irlako ingurune naturalari eragingo, are gehiago, uhartearen balio naturalak sustatzeko erabiliko zela. Hain zuzen ere horiek dira gaur egun mehatxupean jarraitzen duten arloak.

Horregatik guztiagatik, UDAL GOBERNUARI ESKATZEN DIOGU:

  • Elkarteekin denboraldiei, edukierei, ordutegiei, dotazioei, eta uharteko zerbitzu eta azpiegitura berrien handitzeei buruz egindako akordioak betetzea.
  • Udaberrian, itsas hegaztiek lurrean habiak egiten dituzten garaian, uhartera bisitarik ez egitea.
  • Santa Klarako natura babestea eta berrezartzea.

Donostian, 2023ko martxoaren 16an

Bizilagunekin Plataforma / Haritzalde / Eguzki / Parkea Bizirik

Bizilagunekin plataformak salatzen du Eusko Jaurlaritzak 145.000€ erabiltzea 2022an atzerriko kazetariei luxuzko bidaiak ordaintzeko

Pasa den otsailaren 22 eta 23an, ARGIA[1] aldizkariaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sailak Italiako sei kazetariri aurrekontu publikotik finantzatutako bidaiaren berri jaso genuen. “Nazioartearekin harremanak estutzea” eta “Euskadirekin harremana familiarizatzea” omen zen xedea. Euskal Herriko hainbat tokitan gauzatutako luxuzko oporraldiko gastuek barne hartzen zituzten hegaldiak, hotelak, goi mailako jatetxeetan otorduak, bodegak, golfa…  Era berean, argitaratutakoaren arabera, 2022an Eusko Jaurlaritzak 145.000 euro bideratu zituen 26 prentsa-bidaiaren antolaketara. Egoera honen aurrean, Bizilagunekin Plataformak hiru ideia nagusi nabarmendu nahi ditu:

  1. Egungo turismo-ereduak herritarren bizitzetan dituen ondorio zuzenak gero eta larriagoak dira. Lan-prekarietatea, lurraldearen suntsitzea, auzoetako sare komunitarioen desagertzea, eta egun bizi dugun etxebizitza larrialdia EAEko herri eta hirietako turistifikazioaren ondorio dira, besteak beste. Testuinguru honetan, ikusten dugu Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa bisitariak erakartzera eta turismo-masifikazioa areagotzera bideratuta dagoela, aipatu prozesuak sortutako kalteez arduratu beharrean. Honenbestez, uste dugu  onartezina dela aurrekontu publikoa “press-trip”-ak bezalako praktiketara eta, orokorrean, sustapen turistikora bideratzea. Turismoaren sustapena aurrekontu publikoetatik lehenbailehen desagertu egin behar dela uste dugu.
  2. Prentsa-bidaien praktikak agerian uzten du turismoaren planifikazio publikoak ez dituela herritarren beharrak eta iritziak kontuan hartzen, eta turismo-sektoreko inbertsiogileen eta patronalen mesedetan baino ez duela jokatzen. Aldi berean, gardentasun falta osoz jokatzen dute instituzio publikoek, eta turismoarekin lotutako gaietan eztabaidari uko egiten diote arduradun instituzionalek. Egun, herritarrei bizkarra emateari utzi eta turismo-ereduaren inguruko eztabaida publikoa irekitzea ezinbestekoa da.  
  3. Ekintza publikoak herritarren bizitzak erdigunean jartzen dituen eredu-ekonomikoak sortu eta sustatu behar ditu. Gure bizitzak prekarizatzen dituen eredu turistiko honen aurrean, desazkunde turistikoa da Bizilagunekin plataformaren ustez hartu beharreko norabidea. Beranduegi izan baino lehen, atzera bueltarik gabeko kalte gehiago sortu baino lehen, amaiera eman behar diogu sartuta gauden galbide turistifikatzaileari.

[1] https://www.argia.eus/albistea/jaurlaritzak-luxuzko-bidaiak-oparitzen-dizkie-nazioarteko-zenbait-kazetariri-euskadiko-turismoa-sustatzeko

https://www.argia.eus/albistea/spa-saioa-ardotan-2000-euroko-otorduak-jaurlaritzaren-opariak-nazioarteko-kazetarientzat

ALOKAIRU TURISTIKOKO ETXEBIZITZAK DONOSTIAN: Egoeraren irakurketa eta konponbiderako proposamenak

Alokairu turistikorako plataformak mundu osoan (eta Donostian) hedatu zirenetik eztabaidagai izan dira. Hiriaren turistifikazioan eta etxebizitzaren merkatuan berebiziko eragina dutenez, hirien eta lurraldeen bizigarritasunaren alde antolatutako gizarte mugimenduek, interes ekonomiko pribatuen aldeko lobby sektorialek eta administrazio publikoek beren posizioak markatu dituzte. Donostian, azken urteetan ezagutu ditugu erregulazio saiakerak, epaitegiek araudia bertan behera uztea, pisu turistikoen negozioan dabiltzanen eta hotelen negozioetan dabiltzanen arteko talkak… Era berean, ezagutu ditugu bizilagunengan sortutako arazoak eta ohiko bizitegi gisa alokatzeko etxebizitzen inoizko prezio igoerarik handiena. Haritik Hirira taldeak gaur egun fenomeno honek Donostian dituen ezaugarriez egindako azterketa baliatu du Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataformak arlo honen inguruko zerbait azalpen emateko eta zenbait proposamen plazaratzeko.

ETXEBIZITZA ETA ALOKAIRU TURISTIKOA

Etxebizitza egokia izateko eskubidea 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 25. artikuluan eta 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Ituneko 11.1 artikuluan bizi-maila egokia izateko eskubidearen parte gisa aitortu zen. Hortik abiatuta, egun indarrean dagoen legediak ere aitortzen du eskubide hau. Oinarrizko eskubide oro bezala, bermatua egon behar luke herritar ororentzat. Gaur egun, Donostian ez da etxebizitza eskubidea bermatzen; eta, are gehiago, populazioaren zati handi bati eragiten dion etxebizitza larrialdi egoera bizi dugu.

Eskubide urraketa masiboa bizi dugu. Espekulazioaren bidez aberasten direnek milaka herritarren eskubidea urratzen dute eta, beraz, espekulazioarena ez da negozio zilegia. Ez litzateke erregulatu behar, desagertu dadin beharrezko urratsak eman baizik. Zentzu horretan, etxebizitza ez litzateke jabetza pribatuaren dinamikan ulertu behar, herritarron oinarrizko beharren asetzearenean baizik. Hargatik, etxebizitza politikek eta araudiek espekulaziorako aukerak eskaintzen eta babesten dituztenean gutxi batzuen negozioa lehenesten dute, gehiengoarentzat arazoa areagotuz eta larriagotuz.

Etxebizitza larrialdia Donostiako arazo sozial nagusienetakoa izanik, lehentasunezko eginbeharra da tinko eta  erabakitasunez erantzutea. Ezin da gehiago atzeratu egiturazko egoera honen konponbidea. Zentzu horretan, alokairuen prezioa mugatzea premiazkoa da. Une honetan eztabaidan badago ere, aspaldi aplikatua behar zuena atzeratzeko indarra egiten dute sektore boteretsuek.

Hiriaren turistifikazioa eta etxebizitza larrialdiaren areagotzea elkar loturiko fenomenoak dira. Donostiak jasotzen dituen turista kopuruak, eskaintzen diren hotel plaza kopuruak eta pisu turistikoen kopuruak, esaterako, hazkunde handia izan dute azken bospasei urteetan. Urte horietan etxebizitzen salerosketa eta alokairu prezioek ere ohikoaz gaindiko igoera izan dute. Hiriko gaur egungo beste hainbat arazori bezala, etxebizitza larrialdiari erantzuteko desazkunde turistikorantz norabide estrategikoa hartu behar da.

Alokairu turistikoko pisuei dagokionez, azken urteetan erakunde publikoek izandako jarrera erabat okerra izan da eta hartutako erabakiak, berriz, oso kaltegarriak. Diskurtso mailan 2017an pisu turistikoen areagotzearen gaineko eztabaida publikoa piztu zenean, arazoa ukatzen saiatu ziren. Hurrengo hilabeteetan arazoaren eragina ukatzen jardun zuten, ohiko etxebizitzekin zuen lotura ezkutatu nahian. Ondoren, arazoaren hedadura ukatzeko saiakera egin zuten, auzo eta zonalde zehatz gutxi batzuena balitz bezala. Eta, gaur egun, arazoan esku hartzeko botere publikoek duten aukera eta gaitasuna da ukatzen dutena. Apartamentu turistikoen jarduera ez-zilegia oztopatzeari uko egiteko, diskurtsoan atzerapausoak emanez egokitzen joan dira, gizartearen aurrean sinesgarritasuna galtzen joan ahala. Gaur egun, hurrengo hauteskunde-zikloak hurbildu ahala, diskurtso arduratsu bat antzezten hasi zaizkigu urteetan zehar espekulatzaileak pozik mantentzen eta turistifikazioa areagotzen lan egin dutenak.

PREMIAZKO NEURRIAK

Badira neurri batzuk presaz eta urgentziaz aplikatu beharrekoak. Orain arte etxebizitzak negoziorako baliatzea ahalbidetu duten baldintzak indargabetzeko neurriak dira.

  • Zonaldeen logika gainditu behar da. Gaur egun Donostian pisu turistikoak ezartzeko baldintzak desberdinak dira udal gobernuak arbitrarioki (edo irizpide objektiboz justifikatu gabe) marraztutako zonaldekako mapa baten arabera. Ez du zentzurik hala jokatzeak, turismoaren jarduera hiriko gune batzuetan handiagoa eta ikusgarriagoa izan arren, turistifikazioak hiri osoari eragiten diolako. Etxebizitza larrialdiaren ondorioak, alokairu turistikoaren eragina eta prezioen areagotzea auzo guztietan ematen da neurri kezkagarrian. Izan ere, hiriaren mugatik haratago ere inguruko herrietara zabaldu da uhina honezkero.
  • Jabetza pilaketari mugak ezarri behar zaizkio. Etxebizitza larrialdian dagoen hirian espekulazioaren bidez eta alokairu turistikoaren bidez aberaste esponentzialerako bidea zabalik dago. Espekulatzen duenaren edo etxebizitzen esplotazio ekonomikoa egiten dutenen esku soilik geratzen ari da etxebizitza eskuratzeko aukera. Honela gero eta handiagoa da gehien dutenen eta gehien behar dutenen arteko tartea. Jabe bakar batek jarduera turistikora zuzendutako pisu bat baino gehiago izatea berehala debekatu behar da.
  • Pisu turistikoen kudeaketarako enpresen jarduera debekatu behar da. Etxejabe arrunten arteko “truke” plataforma bezala aurkeztu zirenak, inbertsiorako eta etxebizitzen esplotazio sistematizaturako plataforma bihurtu dira bitartekari gisa jokatzen duten enpresa hauei esker. Hamarnaka pisu turistikoren kudeaketaz arduratzen diren enpresek zerbitzuen efizientzia eta errentagarritasuna handitzea bilatzen dute, etxejabea inbertsiogile huts bihurtzen duten bitartean. Azpikontratazioan oinarritzen dira horretarako.
  • Araudiak betearazteaz arduratzen den ikuskapen zerbitzu publikoa eta baliabide egokiz hornitua bermatu behar da. Donostiako udalean sortu zen, besteak beste, pisu turistiko ilegalak detektatzeko funtzioa zuen zerbitzua, beharrezko baliabidez hornitu ez zena eta bere egitekoa amaitu izan balitz bezala desegin zena. Honelako ikuskapen zerbitzua da berme bakarra alegalitatea eta legearen kontrol falta negoziorako baliatzen maisuak direnak geldiarazteko. Eskumen zigortzaileak izan beharko lituzke zerbitzu honek.

DESAZKUNDERAKO PROPOSAMENAK

Lojamendu turistikoek etxebizitza larrialdian duten eragina neutralizatzeari begira, alokairu turistikoko pisuak mugatu, murriztu eta epe laburrean hiritik desagerrarazi behar direla uste dugu. Horretarako neurri zehatzak ere inplementatu behar dira, desazkunde turistikorantz norabide estrategikoan kokatzen direnak:

  • Ipar Euskal Herrian aplikatzear dagoen “konpentsazio neurria” eredugarria da. Dagoeneko Frantziako hainbat lurralde eta hiritan aplikatzen da (Paris eta bere inguruko hirietan, Bordelen, Lyonen edo Nizan, adibidez). Etxebizitza turistiko bat alokatzen jarri nahi duen jabeak konpentsazio gisa lehendik alokairu merkatuan eskaintzen ez zen beste etxebizitza bat urte osorako jarri behar du alokagai. Honela, bizitegi gisa baliatzeko alokairuan eskaintzen diren etxebizitzen kopurua ez da murriztuko etxebizitza turistikoak ezarri ahala. Eredu zentzuzkoa, legala eta eraginkorra da.
  • Lizentzia murrizkorra eta iragankorra ezartzea proposatzen dugu. Alokairu turistikorik gabeko eszenatoki batera trantsizioa egiteko tresna nagusia izango litzateke. Gaur egun indarrean dauden baldintza guztiak betez lizentzia legala duten erabilera turistikoko etxebizitzei, gehienez ere lizentzia 4 urtean luzatzeko aukera emango litzaieke. Urtean etxebizitza horietako bakoitza alokatu ahal izateko egun kopuru zehatz baterako baimena emango luke lizentziak. Lehen urtean 150 egunerako, bigarrenean 100 egunerako, hirugarrenean 50 egunerako eta laugarrenean 25 egunerako. Epe hori igaro eta lizentzia agortutakoan, etxejabe horrek Donostian beste pisurik alokairu turistikora legalki bideratzeko aukera galduko luke. Era berean, pisu hori bera eskuz aldatuz gero, jabe berriak ere ezingo luke alokairu turistikora bideratu. Proposamen zehatza, egingarria, legala eta eraginkorra da; gaurko errealitatetik abiatzen dena, epe ertainean arazo estruktural bati konponbidea emanez.

Donostiarron bizi-proiektuak baldintzatzen ditu etxebizitza larrialdiak, ehundaka bizilagun hiritik kanporatuz, besteak beste. Arazo honi konponbidea lehentasunezko helburua izan behar da eta horretarako gehienon kaltearekin aberasten diren gutxi horiei bidea moztu behar zaie. Hiriaren turistifikazioak etxebizitza merkatuan duen efektuari neurri irmoekin heltzeko ordua heldu da eta donostiarron bizi baldintzak hobetzera zuzendutako proposamen zehatz hauek mahai gainean jartzen ditu Bizilagunekin plataformak auzi honen eztabaidan eragin dezagun eta guztion artean indarrean jar daitezen bultza dezagun.

https://www.argia.eus/albistea/donostian-alokairu-turistikoen-eragina-geldiarazteko-proposamenak-egin-ditu-bizilagunekin-plataformak

https://irratia.naiz.eus/eu/info_irratia/20230116/arazoa-egiturazkoa-da-baina-badaude-heldulekuak-turistifikazioari-erresistentzia-garatzeko

https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20230122/donostia-y-airbnb-una-relacion-toxica

https://www.donostitik.com/bizilagunekin-aboga-por-prohibir-a-un-propietario-ofertar-mas-de-un-piso-turistico/

https://irutxulo.hitza.eus/2023/01/03/airbnb-bidez-eskaintzen-diren-etxebizitza-turistikoen-kopurua-16-igo-da-2021etik-2022ra/

Airbnb efektua: Donostia (Haritik hirira)

Interneteko pisu turistikoen plataformek (ezagunena Airbnb) turismo sektorea eraldatu dute azken hamarkadan. Donostia ez da salbuespena izan. Eskaintza turistikoaren areagotze etengabeak, hainbat eragile sozial, ekonomiko zein kulturalen kezka eta egonezina ugaritu du eta gehiegizko eskaintza turistikoaren kalteak azaleratu. Pandemiak jarduera ekonomiko guztietan izan zuen eragina, eta turismo jarduera sektore kaltetuenen artean kokatu zen. Hilabete batzuen ostean, jarduera berreskuratzen ari dela dirudi, eta oraindik goiz den arren, dagoeneko hasi gaitezke norabidea zein izango den sumatzen.

Haritik Hirira ikerlari kolektiboak, Airbnb efektua pandemia ostean. Donostiako kasua aztergai txostena egin du egoeraren argazki ahalik eta fidelena lortu, indarrean dauden joera nagusiak azaleratu eta horietatik ondorioak atera asmoz.

  • 2022. urtean zehar  Donostian eskaintzen diren alokairu turistikorako etxebizitzen eskaintzaren hazkundea aurrekaririk gabekoa da. 2017ko eskaintza maximoetara iritsi ez den arren, joera berberarekin jarraituz gero laster iritsi daiteke. Hazkundea oso denbora tarte laburrean garatu da, krisi ekonomikoak etxebizitza turistikoen sektorean eraginik edukiko ez balu bezala.
  • Bestalde, eskaintzaren hazkundeaz haratago, pandemia osteko berraktibazioarekin merkatuaren ezaugarriak aldatuz doaz. Enpresa eta erabiltzaile profesionalen pisua hazten ari da.
  • Donostian egonaldiko batez beste ordaintzen diren prezioak Paris, New York edota Bartzelona bezalako hirien gainetik kokatzen baitira. Etxebizitza larrialdia bizi duen hiri batean, etxebizitzaren prezioa maximo historikoetara heltzeko une berean etxebizitza turistikoen berraktibazio eta hazkundea izateak giza-taldeen desplazamendu masiboa eragin dezake.
  • Airbnb eskaintza ez da hiri guztian modu berean hedatzen. Erdialdeko auzoetan berebiziko presio turistikoa areagotu da. 2018. urteko etxebizitza turistikoen udal ordenantzak eskaintza mugatu zuen moduan, 2022. urtean, plan orokorrean jasotako arauek auzo saturatuenetan eskaintza mugatzeko eraginik izan ez dutela egiaztatu da; eskaintza gehien hazi den eremua A zonaldea edo zonalde saturatua izanik.

Azterketaren xehetasunak eta datu guztiak biltzen dituen txostena:

Ikerketa lan honetatik abiatuta, Bizilagunekin plataformak egoeraren bere irakurketa eta hobekuntzarako proposamenak plazaratu ditu:

ALOKAIRU TURISTIKOKO ETXEBIZITZAK DONOSTIAN: Egoeraren irakurketa eta konponbiderako proposamenak

WORLD TOURISM DAY = COLLAPSE TOURISM DAY

Gure hiriak, gure auzoak, gure klima, gure osasuna, gure bizitza. #TuristifikazioariStop

SET sareak, turismoaren aurrean dauden Europa hegoaldeko hirien sareak, ekintza deialdi bateratua egingo du irailaren 27an hainbat hiri eta lurraldetan Collapse Tourism Day lelopean, Turismoaren Nazioarteko Eguna ez ospatzeko asmoz.

SET sarea 2018ko udaberrian sortu zuten Venezia, València, Sevilla, Palma, Iruñea, Lisboa, Malta, Malaga, Madril, Girona, Donostia, Kordoba, Kanariak, Camp de Tarragona, Bartzelona eta Marseillako entitateek eta handituz joan da, indarrak batzeko eta lurralde hauen turistizazio-prozesuekin ahots kritikoa pizteko helburuarekin. Oinarritu da hausnarketarako eta elkarrengandik ikasteko topaketetan eta Turismoaren Nazioarteko Eguna erreferentziatzat hartuta antolatu diren ekintza koordinatuetan.

Pandemiak ezarritako parentesiaren ondoren, SET sarea berraktibatu egin da turismo masiboa pandemia aurreko garaikoa parekatu, gainditu eta bertsio kaltegarriago batera heldu delako. Sektore pribatuak lanpostuei buruzko ohiko xantaia zinikoa muturrera eramaten duen bitartean, eta eredu ekonomikoak birplanteatzeko eta dibertsifikatzeko diskurtsoetatik urrun, tokiko administrazioek eta estatu-gobernuek baliabide publiko ugari bideratu dituzte turismoan aritzen diren enpresetara (ostatua eta garraioa); nahiz eta horietako askok milioika euroko etekinak dituzten multinazional handiak izan, kalte sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak eragiten dituztenak.

Aldi berean, pandemiaren ondorioz, tokiko administrazioek ostalaritza sektoreak hiri-espazioaren okupazioa handitzea erraztu dute. Behin-behinekoak behar zuten neurri horiek higiene arrazoiekin justifikatu zituzten, baina, kasu gehienetan, ez dira lehengoratzen ari osasun-arriskuak murriztu direnean. Kudeaketa pribatuaren pean dagoen hiri-espazioaren hazkundeak (adb, taberna eta jatetxeetako terrazak) hiri-espazioaren merkantilizazioa eta eguneroko bizi-baldintzetan (zarata, mugikortasuna…) eragiten du.

Uda honetan turismo masiboaren itzulera ikusi dugu, kasu batzuetan estatistikoki covid aurreko aldira hurbiltzen dena, eta beste batzuetan argi eta garbi gainditzen duena. Horrek berraktibatu eta larriagotu egiten ditu bizilagunen bazterketa-prozesuak eta krisi ekonomikoak kolpatzen duen populazioaren esplotazio/prekarizazio-prozesuak.

Aldi berean, gurutzontzien trafikoa areagotzen da, eta azpiegitura handiak handitzeko proiektuei berrekiten zaie, greenwashing erretorika bat gehituz, bizi dugun krisi sistemikoa planetarentzat mehatxu larria ez balitz bezala, moda bat baizik. Administrazio publikoak zein sektore pribatuak “garapen jasangarria”, “Trantsizio ekologikoa” edo “teknologia berdea” bezalako terminoak erabiltzen dituzte azaletik eta zentzurik gabe, eta ez dute amore ematen, nahiz eta ebidentziek dioten jarduera turistikoak kolonizatutako lurralde eta hirien gizarte-, kultura- eta ingurumen-beharrekin bat datozen ekoizpen-ereduetarantz dibertsifikatzea eta jarduera turistikoaren desazkundea dela jasangarritasunera heltzeko bide bakarra. Krisi klimatiko ukaezina agenda politiko guztietan agertzen da, baina modu isolatuan eta gainerako politiketatik kanpo. Eredu estraktibista bati jarraitzen diote, gerrek eta aurrekaririk gabeko energia-krisiaren etorrerak larriagotutako testuinguru globalean.

Horregatik guztiagatik, SET sareak berriro aukeratu du Turismoaren Nazioarteko Egunaren data sinbolikoa, lobby eta administrazio publikoek errekor berriak ospatzeko eta sektorearen aurpegia garbitzeko erabiltzen dutena. Horrela, WORLD TOURISM DAY = COLLAPSE TOURISM DAY lelopean, irailaren 27an, asteartea, Europa Hegoaldeko hainbat tokitan ekintzak egingo dira, honako hauek salatzeko asmoz:

  • Jarduera turistikoaren areagotzeak ingurumen eta gizarte aldetik dituen ondorio globalak.
  • Gizarte-desberdintasunak sortzen eta larriagotzen dituen irabazi pribatuko jarduera sustatzen eta erreskatatzen diru publikoa inbertitzea.
  • Ondasunen eta zerbitzuen gehiegizko kontsumoan oinarritutako erauzte-jarduera honen kalte klimatikoa.
  • Sektore turistikoarekiko mendekotasun-espirala, tokiko ekonomiak zaurgarriegi bihurtzen dituena.
  • Gero eta merkantilizatuagoak dauden gure auzoak eta harreman-espazioak pixkanaka galtzea.
  • Sektoreko langileen prekarizazio gero eta larriagoa, batez ere sasoiko lanetan.
  • Egungo krisi globalaren eta energia-baliabideen eskasiaren testuinguruan, turismo jarduerari laguntzeak sortzen dituen kalteak.
  • Larrialdi klimatiko adierazpenen eta sakoneko politiken arteko erabateko deskonexioa.

Horren guztiaren aurrean, SET sareko hiriek eta lurraldeek, entitateekin eta eremu horietako gizartearekin batera, beste behin bat egiten dute honako hau eskatzeko:

  • Portu eta aireportuetako turismo- eta bidaiari-plazen kopurua murrizteko eta mugatzeko benetako konpromisoak.
  • Portu eta aireportuetako azpiegituren handitze oro behin betiko gelditzea.
  • Klima-aldaketarekiko benetako konpromisoa; desplazamenduen murrizketa eta ekoizpena (askotarikoena eta tokikoena) lurraldean birkokatzea ekarriko duena.
  • Gentrifikazioaren, espazioen merkantilizazioaren eta bizilagunak kanporatzearen aurkako politika aktiboak.
  • Lurraldeetan oreka ekonomikoa bilatzeko konpromisoa

SET. Turistifikazioaren aurrean dauden Europa hegoaldeko hirien sarea

Tasa turistikoaren eztabaida, funtsezko gaietatik arreta desbideratzeko

Nerea Arregi Topas

Bizilagunekin, desazkunde turistikoaren aldeko donostiarren plataforma

Eneko Goiak berriro hitz egin du Donostian bisitariei tasa turistikoa ezartzeko aukeraz. Udal Gobernuko kideek, oposizioak eta beste erakunde publiko batzuetako ordezkariek erreakzionatu dute, eta berehala azaldu dituzte euren iritziak. Urtean 4 milioi euro bil litezkeela kalkulatu dute, turista bakoitzari gaueko euro bat eta bost artean kobratuta.

Aste Nagusi betean tasa turistikoari buruzko eztabaida berreskuratzea kalkulu politiko hutsa da. Gaiari neurria hartzeko borondatea irudikatu nahi dute. Udal-gobernukideek ñabardura txikiak erakusten dituzte beren posizioetan, turismoaren hazkundearen aldeko funtsezko apustua zalantzan jartzen ez duten bitartean. Tasaren proposamenak donostiarren ezinegon nabarmenari erantzun nahi dio. Baina turistifikazioaren arrabola herritarren kritika ororen gainetik igaro da azken urte hauetan. Ez daitezela saiatu hauteskunde aurreko hilabeteetan bakoitzaren erantzukizunak lausotzen.

Erakunde publikoek gizarte-premiak asetzeko adina aurrekontu izatea beti da desiragarria, baina ez gaitezen despistatu. Santa Klara uharte artelanak 5 milioi euroko kostua izan du altxortegi publikoarentzat, Easotik Ibaetara doan metroaren igarobidea egiteko 200 milioi euro inguru erabiliko dituzte, eta 2020tik hona Espainiako Gobernuak 10.000 milioi euro baino gehiago baliatu ditu ostatu eta garraio enpresa turistiko handiak erreskatatzeko.

Kontua da ez dela bermatzen tasa turistikoaren bidez bildutakoa turistifikazioaren kalte ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak arintzeko erabiliko denik, aurrekontu publikoak espekulatzaileei, turistifikazioari eta gure hirian eta lurraldean neurrigabeko proiektuei laguntzeko erabiltzen diren bitartean.

Donostiarron artean kezka oso zabaldua da. Udan erdialdeko kaleetako betealdiaz harago, badira konponezinak izan daitezkeen ondorio larriagoak. Etxebizitzaren prezioak eragindako bizilagunen kanporatzea, eredu ekonomikoaren erabateko desoreka, hiriaren elitizazioa, merkataritza txikiaren eta ostalaritzaren endekapena eta hiriko zein auzoetako lotura komunitarioak hausten dituzten faktoreak dira. Hori ez da eurotan bakarrik neurtzen, baina geure gorputzetan sentitzen dugu galera.

Turistifikazioan interes zuzenak dituzten enpresek, erakunde publikoek eta komunikabide boteretsuenek bisitari-kopurua, hotelen okupazioa eta aireportuetako hegaldi-kopurua handitzen diren bakoitzean, adibidez, ospatu egiten dute. Hori turismoaren hazkundea legitimatzea da. Hori kontakizun bat eraikitzea da; hazkunde hori gehienontzat onuragarria dela dioen kontakizuna. Ez gaude ados eta aurre egiten diogu.

Donostiarako proposamen zentzudun bakarrak, gaur egun, turismoa pisua murriztera daramatenak dira; gaitz handiagoak saihesteko lehenbailehen hartu beharko genukeen norabidea da. Desiragarriena hiri-eredua pixkanaka eraldatzeko prozesu bat litzateke. Apurka-apurka, monolaborantza turistikoarekin hautsi behar da, turismoan baldintza prekarioetan lan egiten duten pertsonentzako irtenbideak bilatu behar dira beste sektoreetan, espazio batzuk bizitza komunitarioaren paradigmatik urbanistikoki birplanteatu behar dira… Prozesu gardena eta planifikatua izan beharko litzateke, baina hiriaren turistifikazioak eragiten dien auzotar guztiekin adostua. Ezin da gertatu erakundeek, mundu guztia defendatu beharko luketenek, jarduera turistikoan interes ekonomiko zuzenak dituztenei obeditzea.

Turistifikazioaren, espekulazioaren eta esplotazioaren aldeko politikak turismo jasangarriaren izenean egiten dira. Baina gaur egun Donostian indarrean dagoen turismo eredua ez da iraunkorra; eta sektore hori hazteko proposatzen den edozein bide ere ez da jasangarria izango. Desazkunde turistikoa kontzeptuak zalantza sortzen du zenbait sektoretan, baina uste dugu jarduera turistikoak hirian duen pisua gutxitzea dela gizarte, ekonomia eta ingurumen aldetik jasangarria den eszenatoki batera iristeko modu bakarra.

Fitur eta antzeko azoketara ordezkaritza lotsagarriki zabalak eramateko, atzerriko hedabideetan publi-erreportajeak ordaintzeko, gabonetako hiriburu edo beste edozein sasi-titulu irrigarri izateagatik beste hiri batzuekin lehiatzeko milaka euro bideratzen dituena ez da arduraz jokatzen ari. Turistifikazioaren dogma zalantzan jartzen dugunok baztertzen saiatzen dira, baina bitartean donostiar gehienon baldintzak okertzen eta arazoa areagotzen ari dira.

https://www.argia.eus/albistea/tasa-turistikoaren-eztabaida-funtsezko-gaietatik-arreta-desbideratzeko

https://irutxulo.hitza.eus/generoak/iritziak/tasa-turistikoaren-eztabaida-funtsezko-gaietatik-arreta-desbideratzeko/

https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2022-09-20/tasa-turistikoaren-eztabaida-funtsezko-gaietatik-arreta-kentzeko.amp.html

Hiri-eredua aldatu! Donostia berreskuratu! manifestazioaren ostekoak prentsan

https://www.berria.eus/albisteak/214834/herritarrak-lehenetsiko-dituen-hiri-eredua-eskatu-dute-donostian.html

https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20220618/exigen-un-cambio-de-modelo-de-ciudad-que-responda-a-las-necesidades-de-las-donostiarras

https://eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/8883610/bi-mila-pertsona-inguruk-hiri-eredua-aldatzea-eskatu-dute-donostian/

https://eitb.eus/es/noticias/sociedad/detalle/8883594/unas-dos-mil-personas-exigen-en-san-sebastian-un-cambio-del-modelo-de-ciudad/

https://www.diariovasco.com/san-sebastian/2000-personas-protestan-20220618210735-nt.html

https://www.diariovasco.com/san-sebastian/sirimiri-paloma-gorrion-20220619135310-nt.html